10/08/2019

Lehen mailako hizlariak, G7 Ez-en egitarau zabalean

G7 Ez plataformak 80 hitzaldi eta tailer antolatu ditu abuztuaren 21, 22 eta 23rako. Mundu mailan puri-purian diren eztabaiden eta borroken isla izango dira Ficoba eta «Hendaiako Alternatiben Herria». Konferentziek eta hitzaldiek, gainera, lehen mailako hizlariak izango dituzte. Horrez gain, hilaren 19 eta 20an kanpalekua egingo dute Urruñako kostaldean eta abuztuaren 24an Hendaian «manifestazio alai eta baketsua» egitera deitu dute, besteak beste.

Haritz LARRAÑAGA|BAIONA
0810_eh_movilizaciong7

Ehun erakunde baino gehiago batu dira G7 Ez plataforman eta aniztasun horrek isla izango du hitzaldietan eta berauen formatuetan ere, baina orokorrean, bi formatu jorratuko dira, hiru tokitan. Irungo Ficoba erakustazokan eta Hendaiako Les Varietes zinema aretoan konferentziak eta hitzaldiak izango dira. Ostera, Hendaiako Caneta auzoan izango den karpan eta Jean Jaures eskola inguruan gazteek eraikiko duten eremuan tailerrak eta ikastaro praktikoak eskainiko dira.

Hilaren 19 eta 20an kanpalekua atonduko dute Urruñako kostaldean. 21etik 23ra hitzaldi eta tailerrak izango dira. Abuztuaren 24rako Hendaian «manifestazio alaia eta baketsua» deitu dute eta abuztuaren 25ean, igandea, Biarritz inguruan poliziak ezarriko duen segurtasun eremutik gertu, «zazpi plazen okupazio baketsua» egitera deitu dute.

Antolatzaileek ekimen politikoak indartu nahi dituzte, eta horregatik prestatu dute «beste mundu bat posible» dela erakusteko alternatiben kontragailurra. Programaren helburua, antolatzaileen hitzetan, hau da: «Egungo munduaren arkitektura ulertu, borroka eremu nagusietan sakondu eta eredu berri bat sortzea».

Zazpi gai nagusi izango dira jorratuko diren hitzaldi eta tailerren ardatz: kapitalismoa, feminismoa, ingurumena, herrien aniztasuna, demokrazia soziala, inperialismoa eta migrazioak.

Hiru egunetan

Hizlarien jatorri eta aniztasuna kontuan hartuta, euskara, gaztelera, frantses eta ingelesezko itzulpen zerbitzua izango da konferentzietan. Hona hemen egingo diren konferentzia eta hitzaldien maila erakusten duten zenbait adibide:

Abuztuak 21, asteazkena: “Merkatu librearen akordioen eta multinazionalen aurrean, zeintzuk dira alternatibak?”. Maxime Combes (Aitec), Luciana Ghiotto (Attac Argentina), Nicolas Roux (Amis de la Terre), Swan Bommier (CCFD-Terre Solidaire), eta Gonzalo Ortiz de Zarate (OMAL).

Abuztuak 22, osteguna: “Desparekotasun sozial eta ekonomikoen aurka borrokatzen diren emakumeak: Prekaritate eta austeritate politiken aurrean, langile eta sindikalistek beraien zailtasun, engaiamendu eta lorpenak erakusten dituzte”. Konferentziak bi atal izango ditu eta Wangari Kinoti (ActionAid International), Murielle Guilbert (Union Syndicale Solidaires), oraindik zehaztu ez duten Turkiako sindikatuko ordezkari bat, martxoak 8ko grebaren antolatzaileak, Espainia mailako Las Kellys elkartea, LAB eta ELA sindikatuetako ordezkariak jardungo dira.

“Feminismoa krisi ekologiko eta sozialaren aurrean: G7 eta neoliberalismoaren aurrean feminismoa indarberrituko da? Zein perspektiba eskaintzen ditu ekofeminismoak eta zein eskaintza ditu trantsizio ekologiko sozial eta feminista baterako?”. Luciana Ghiotto (Argentina mejor sin TLC, Attac Argentina eta Formo Feministako kidea), Yveline Nicolas (Estatu frantseseko elkarte feministen egokitzapena maila internazionalean), Vanesa Alvarez Gonzalez (Red Ecofeminista), Huayra Llanque (Attac France).

“Etorkinen defentsarako europar mugimenduen estrategiak”, “Preso politikoen auzia askapen prozesu nazional eta sozialetan”, “Herritarron eta eragile sozialen garrantzia Euskal Herriko eta Kataluniako prozesuetan” eta “Estaturik gabeko nazioen arteko harremanak” dira egitarauak prosatzen dituen gai batzuk, besteak beste.