GARA
GASTEIZ

Atxilotu bat Gasteizen emakume bati sexu erasoa egin izana leporatuta

Ertzaintzak 28 urteko gizonezko bat atxilotu zuen atzo goizaldean Gasteizen, ukituak egin izanagatik kargu hartu zion emakume bati ukabilkada bat eman eta konorterik gabe uzteaz gainera sexu erasoa egin izana egotzita. Lakuako Gobernuko Barne Sailaren arabera, erasoa 5.20ean gertatu zen, Foruen plazan; Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak ofizialki amaitu berritan, ustezko erasotzailea bertan zegoen neska-mutil talde batengana hurbildu eta emakumeetako bati ipurdia ukitu zion, antza. Honek bere jarrera sexistagatik kargu hartu zion berehala eta erasotzaileak aurpegian ukabilkada eman eta konorterik gabe utzi zuen hau.

Emakumezkoaren lagunek erasotzailea atxiki eta Ertzaintzari deitu zioten, eta sexu erasoa egotzita eraman zuten atxilotuta. Emakumezkoa Txagorritxura eraman zuten arta zezaten eta bertan etorri zen bere onera, Barne Sailak zehaztu duenaren arabera.

Horren harira, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak sexu erasoak izan zituen hizpide jaien balorazioa egitean. Bere hitzetan, jaietako «puntu beltza» izan dira eraso matxista «onartezinak», eta nabarmendu zuen hiritarren gehiengoak «errespetuz» eta indarkeria matxistaren aurrean «zero tolerantziako jarrera» hartuta jokatu duela.

Izan ere, nabarmendu beharra dago guztira lau emakumek jasan dituztela erasoak Gasteizen aurtengo Andre Mari Zuriaren jaietan.