11/08/2019

KORTSARIOEN EREDUA SUNTSITZEKO PREST, INDARTSU HASI DIRA PIRATAK

KORTSARIOZ BETETA IKUSTEN DUTE HIRIA DONOSTIAKO PIRATEK. KORTSARIOEN EREDUAK BERE HORRETAN DIRAUELA IRITZITA, HORI DEUSEZTATZERA DATOZ, AUTOGESTIOA ETA JAI HERRIKOIAK BULTZATUZ ETA PARTE-HARTZEA ETA BALIOAK SUSTATUZ. PORTURATU DIRA MATTI ETA EZKILA KAPITAINA, HIRITARREKIN BATUTA, ASMO HORI GAUZATZEKO.

Ane URKIRI ANSOLA
0811_eh_piratak

Woody Allen, noria erraldoia eta Urgull mendiko Jesusen Bihotza –izozki bat eskuan duela– ito beharrean dabiltza olatu artean. Ezkila kapitaina eta piratak, ordea, ederki konpontzen dira, ohituta baitaude zailtasunera eta, jakina, korronteak ondo baino hobeto ezagutzen dituzte.

Autogestioa eta jai herrikoiak aldarrikatzera datoz, beste behin, Donostiako Piratak. Atzo lehorreratu ziren Matti eta Ezkila kapitaina, horien figura hiriko gaztetxeek eta Traganarrua kofradiak islatuta. «Iraganeko Zapatari, Dutxen etxea, Loiolako gaztetxea, Kortxoenea, Amets-enea edo Uxotegi izan zirelako, egun Añorgako gaztetxea, Intxaurrondoko Letaman, Antiguako Txantxarreka eta Parte Zaharreko Kijera gara», gogorarazi zuten egungo gaztetxeetako ordezkariek.

«Zezenketak egiten dituen hirian, langileen prekaritatea nagusi den hirian, emakumeen zapalkuntza eta eraso sexistak gertatzen diren hirian, postal bat bilakatzeko interes pribatuetara makurtzen den hirian eta zaborra errez eta lurra zulatuz dirua egin nahi dutenen hirian» bizi direla ohartarazi zuten festa hasteko irrikaz zeuden gorputz bihurriek.

Festan gozatu bai, baina aldarrikapenak atzean utzi gabe. Hori egiten saiatuko dira piratak; eta jakina, Ezkila kapitainak esan bezala, eraso matxista oro gaitzetsiko dute. Balio zintzoz –gorputz bihurria izanik ere zintzotasunez joka daitekeelako– elikatzen den jaigunea eraiki dutelako zailtasun guztien gainetik.

Guztiak bat eginda

Tremenda Jauriaren abestiak entzunda ohartzen da norbera gune egokian dagoela; eta eskerrak oraindik instituzioek ez duten lortu Piratak portutik aldentzea. Zalaparta, elkartasun eta parte-hartze sena baitago La Flamenkan.

Kalejira bidez kofradia guztiak elkartu ziren kaian, Matti eta Ezkila kapitainari ongietorria egiteko. Urtebete egon dira elkar ikusi gabe eta guztiak bilduta, piratak «kortsarioek eraikitako ereduari» gailentzeko asmoz indartsu daude. Atzo aurreneko pausoa izan zen, bihar kofradia ezberdinek antolatutako ekitaldiak egongo dira eta astelehenean, guztiek bat eginda –horrela indartzen baita mugimendua– abordatuko dute Donostia. Autogestio eta jai herrikoien txupinazoarekin kortsarioei aurre egingo diete piratek.

Zezenketak, prekaritatea, emakumeen zapalkuntza, eraso sexistak, eta interes pribatuak gaitzetsi zituzten hiriko gaztetxeek.