GARA
IRUÑEA

Orreagako gudua aitzin, Iruñeko harresia suntsitu zutela gogoan

Baskoiek Orreagan garaitu baino egun batzuk lehenago Iruñeko harresiak suntsitu zituen Karlomagnoren armadak, Zaragozara bidalitako espedizioak porrot egin ostean etxera bueltan zihoala. Gertakizun lazgarri hori ahaztu ez dadin, Orreaga Fundazioak ekitaldia egin zuen atzo Redingo bastioian, datorren hilaren 15ean Orreagako batailaren urteurrena betetzen dela-eta antolatu duen programa zabalaren barruan.

«Orreagako gatazka tamaina handiko gertaera izan zen Europa osorako eta justiziakoa da gogora ekartzea». Eta hori da Orreaga Fundazioak egin duena eta egunotan egiten ari dena.

Abuztuaren hasieran egin zen data horren inguruan antolatu duen programa zabalaren lehen ekitaldia Condestable jauregian eta hitzaldi formatua hartu zuen orduan. Gerora Zubirin beste hitzaldi batean 778. urteko eta ondorengo gertakizunek Nafarroako historian izandako garrantzia azaldu zuten. Eta atzo, azken-aurreko kapitulua idatzi zuten Redingo bastioian.

Iruñean eta Zubirin

Bertan, Iruñeko harresiak suntsitu zituztenekoa ekarri zuten gogora egindako ekitaldian. Lore eskaintza egin zuten eta gaiteroak, dantzariak eta abeslariak izan zituzten lagun oroimen ekitaldi horretan.

Gauean, Zubirin, Esteribarko Txirikorda antzerki taldeak Eneko Aritza Nafarroako erregea goratzeko antzezpen ekitaldia eskaini zuen. Esteribarko abesbatzak, Eugiko dantzariek eta Iruñeko eta Pirinioetako Kantuz taldeek ere parte hartu zuten.

Orreagako gatazka pairatu zuten herri guztiak protagonista bilakatu nahi ditu Fundazioak. Hori dela eta, aurten Zubirin ere egingo dira ekitaldiak.

Fundazioak adierazi duenez, harresiak beste begirada batekin ikusi nahi dituzte. «Data hauetan, harresietan barna ibiltzean ikuskizun ugarirekin topa gaitezke. Baina ohartarazi nahi dugu garai hartan bazeudela suntsituta gelditu ziren beste harresi batzuk, eta txikizio hori ezkutatu nahi izan eta lortu zutela, une historikoaren garrantziagatik», gogoratu zuten ekitaldiaren aurretik egindako agerraldian. Hor kokatu zuen Iruñeko Udalari egindako eskaera, plaka bat jartzearena, alegia.

«Era berean, 778ko abuztuaren 15ean Errozabaleko ordokian izan ziren gertakizunak ezagutarazi nahi ditugu», esan zuten.

Gogoratu zutenez, data hori erreferentetzat hartzen bada ere, gatazkak egun gehiago iraun zuen. Esandakoa Xabier Irujo historialariak plazaratu berri duen liburuan argi jasotzen omen da. «Baskoiek garaitu zuten Karlomagnoren ejerzitoa eta ez musulmanek; horren ondorioz Iruñeko erresuma sortu eta Eneko Aritza errege izendatu zuten. Hori da, beraz, Nafarroako erresumaren hastapena, estatu independente gisa».

Ulertezintzat jotzen dute Ibañeta gainean «armada inbasoreari eskainitako monumentu bat jarri izana».

Horren harira, Luzaideko Udalarekin hartu-emanetan dabiltzala jakinarazi zuten eta ondorio onak ekarriko dituen esperantza osoa dutela: «Izan ere, ekintza zehatz horiek historia desitxuratzen dute eta ondoren zuzentzeko zailak dira».

Hori dela eta, ekitaldi sorta egiten ari dira egunotan. Hurrengo hitzordua asteazkenean jarri dute eta, hain zuzen, Orreagako Itzandegian kontzertua eskainiko du Iruñeko Ahots Grabeak taldeak.

Eta urteurrena betetzen den egunean bertan, hilaren 15ean, Aurizperri eta Orreagaren arteko ibilbidea egiteko goizeko hamarretan jarri dute hitzordua. Handik bi ordura Orreagako gatazka gogora ekarriko dute ekitaldi batean. Patxi Zamorak irakurriko du aurtengo mezua eta lore eskaintza izango da.

Ordubete beranduago, gauza bera egingo dute Ibañetako gainean, eta horren ondoren, bazkaria izango dute Etxebarrengoa elkartean.