12/08/2019

Crónica
PIRATA BIHURRIEN ERROMERI
ERROMERIA, ZIRKUA ETA MARGOAK; HAUR «BIHURRIEN» JAKIN-MINA JAIETAN ASETZEN

PIRATA BIHURRI BAT POZIK ETA BOTERETSU SENTITZEN DA, ZIRKUAN BALEGO BEZALA, DIABOLOA ESKUETAN DUELA. ALBOAN DITU BI HAUR TURISTA, IZOZKI BANA ESKUAN, KURIOSITATE ETA INBIDIA APUR BATEKIN TENTUZ BEGIRA. PASARTE ESANGURATSUA, BENETAN. DONOSTIAREN IRUDI PERFEKTUA, UME-UMETATIK ISLATUA.

Ane URKIRI ANSOLA
0812_eh_diabolo
Daniela Mejias artista txiletarrak mandalak erabiltzen ditu haurren psikologia aztertzeko. Aste Nagusian dabil bere teknika ezagutarazten.

Ez zen giro atzo Donostian. 12.00etan euri zaparradak eman zigun ongietorria, Flamenkan bost euli eta beste bost pirata bakarrik zeuden –lana egitea egokitzen zitzaien horiek–. Badakigu nolakoak diren Euskal Herriko udarak eta larunbat gauerdian hasitako euri jasak ez zuen atertzeko asmorik. Ez behintzat arratsaldera arte. Kronika hau zeharo ezberdina izan zitekeen gure lagun Eki agertu izan balitz. Baina huts egin zuen –agian oraindik biharamunarekin egongo zen, eta guztiok dakigu nolako gogorra izan daitekeen biharamun on bat–.

Eta, zer egin horrelakoetan? Zer egin zure aliatu onenak huts egin dizunean? Etxean geratzea aukera ona da, baina zure hiriko jaiak izanda... Ez, ez dago etxean geratzerik. Eta bagenekien, nola edo hala, Donostiako piratak gerra emateko prest itzartuko zirela. Kasu honetan, baina, Bulebarrean batu ziren helduak izan ziren azkarrenak, Euskaldantza Muxikoak taldearen doinuei jarraituz oinak mugituz. Zer axola euriak? Zira eta aterkiak salbazioa dira.  

Egiatan salbazioa izan zena, baina, kaiko karpak izan ziren. Eta gaitz-erdi! Pirata Bihurriek Erromeria Eguna zuten eta Urgullerako igoera bertan behera utzi behar izan zuten. Esan bezala, euriak erabat baldintzatzen du eguna. Halako boterea du madarikatuak...

Baldintzatu bai, baina oraindik ez da zapuzteko gai. Kaimingaintxo izan zen pirata bihurrienen egoitza. Trikiti eta pandero hotsek kolorea eman zioten jaiguneari. «Lastima da, Urgull mendian haurrak askatasun osoz aritzen dira, leku handia da», esan ziguten Haizea eta Ander begiraleek. Pirata Bihurriak kofradiak haurrentzako Aste Nagusi Pirata antolatzen du, egun guztietan partaide izateko. Eta garrantzitsuena, pirata sentitu daitezen txiki-txikitatik.

Eta sentitu, sentitzen dira. Egiari zor, ingurukoek ere ematen diote prestigio hori. Nahikoa da diaboloa hartu, aterrunea aprobetxatu eta, turista artean, berarekin jolasean ibiltzea. Turista bikote baten bi seme hurbildu dira, kuriositatez, inbidia apur batekin; ezetz asmatu zer daukaten eskuan? Bai, izozkia. Diabolodunak ez dio ezta begiratu ere egin, pozik da olgetan, boteretsu sentitzen da. Ez al da esanguratsua? Kortsarioei aurre egiteko prest dago.

Bihurrienaren saria

Flamenkan, eguerdian, agertu zen pirata bihurriena 22 hilabeteko haurra izan zen. Gunea guztiz ezagutuko balu bezala aritu zen, jira eta buelta, dantzan –euritan dantzan ere bai–. Badu harrobia piraten mugimenduak. «Hirugarren umea da, ikasia dator», esan zigun bere amak. 

“Ok” keinua ere egin zien trikiti eta pandero jotzaileei, gainerako haur eta begiraleak aulki jolasean zebiltzala. Hiru aldiz “ok”, badaezpada ere, gustura zebiltzala egiaztatzeko edo. Ninja jolasean ere aritu ziren eta umetan ere gertatzen da animatu eta sosoen arteko banaketa; honi aurre egiteko ama bat saiatu zen semea animatzen: «Ninja izena badu jolasak, dibertigarria izan behar da, derrigor». Ez zuen lortu semea animatzea; distantzia hartu eta kamerari heldu zion. Txikitatik ditugu lehentasunak.  

Begirale eta gurasoek osatzen dute kofradia. Piraten mugimenduak herritarren neurrira egindako jaiak antolatzen ditu eta Bihurriak horren erakusle dira. Zirku tailerra ere eskaini zuten. Haurrak, jolasak eta kulturak lotura estua dute. “Gure zirkua” daukagu eta Kaimingaintxon malabar eta diabolo artean ibili ziren haurrek irudikatzen dute jada euskal zirkua. 

Arte terapia

Kultura eta hezkuntzarekin jarraituz, bazkalostean parada egokia zegoen Kontxako pasealekuan. Arte tailerra eskaintzen ari da emakume talde bat, modu pedagogiko eta baita psikologikoan ere –atzo jakin genuen moduan–.

“Arte Nagusia, emakumeak artea egiten” deiturarekin programa ofizialean agertzen da haurrei eskainitako tailerra; baina KA-Kultur Alternatiboko kide Gladys Lopezek zehaztu zion GARAri udalak baimena bakarrik kudeatu duela.

Daniela Mejias arte terapeuta txiletarra izan da azken gonbidatua. Mandalen bidez haurren psikoanalisia egin daitekeela ziurtatzen du eta larunbatean emandako tailerraren ondotik ondorioztatu zuen «hemengo haurrak osasuntsuak» direla.

Arratsaldeko laurak aldera, lotsati ziren Donostiako haur batzuk –Flamenkan zeudenak ez, jakina– baina artista txiletarrak azaldu zuen larunbatean ama bat joan zitzaiola bere haurraren marrazkiaren esanahiari buruz itaun egiten. «Banantzeko prozesuan zegoen eta jakin nahi zuen bere haurrak nola zeraman guztia; erabili zituen kolore eta egin zuen mandalaren arabera, alabak ondo zeraman, pozik zegoen». Artea aberasgarri izan daiteke eta haurren jakin-min zein beharrak ase ditzake jaietan ere.