13/08/2019

G7 EZ! plataformak «zabaltzen ari diren beldurra» salatu du

G7 EZ! eta Alternatives G7! plataformek eragile anitzek osatutako programa bateratua ezagutarazi zuten Hendaian eskainitako prentsaurrekoan. Egungo testuinguruaren irakurketa eta «Ficoba-Hendaia» programaren alde teknikoak aurkeztu zituzten. Aldi berean, beldurra hedatu eta giroa gaiztotzeko gauzatzen ari den kanpaina mediatikoa salatu zuten. Plataformak nabarmendu zuenez, «mobilizazio guztiak modu baketsu eta eraikitzailean gauzatuko dira».

Haritz LARRAÑAGA|HENDAIA
0813_eh_hendaia

Alternatives G7! plataformako ordezkariek, Aurelie Trouve eta Simon Playoutek, frantsesez aurkeztu zituzten “Ficoba-Hendaia jardunaldien” nondik norakoak. Itziar Fernandez, Egoitz Urrutikoetxea eta Maddi Arrietak, G7 EZ! plataformako kideek, ostera, euskaraz eta gaztelaniaz aurkeztu zituzten jardunaldien alderdi teknikoak eta egungo testuinguru soziopolitikoa.

Horrez gain, gogor salatu zuten «autoritateak zabaltzen ari diren beldurra, segurtasun irizpide hutsetan oinarritzen den diskurtso mediatikoa eta gure ekimenek pairatzen duten kriminalizazioa».

Bestalde, abuztuaren 24an Hendaian egingo duten manifestazioa baimendua dela oroitarazi zuten, eta «lasaitasunez eta erabakitasunez» mobilizazioetan parte hartzeko deia luzatu zuten.

Testuinguru soziopolitikoa

G7 EZ! plataformako kideen iritziz, gaur egun gertatzen ari den maila goreneko krisia, ezberdintasun sozialak, sexu zein arrazaren araberako ezberdintasunak, bizi baldintzen okertzea edo zerbitzu sozialen suntsitzea, «ez dira kasualitatez sortzen, funtsean arrazoi politikoak daude, erabaki politikoak».

Arrazoi horregatik, erantzuna ere maila politikoan kokatu dute. Beraz, «G7ko estatuek bultzatzen dituzten politika autoritario eta neoliberalen inguruko hausnarketa burutu» eta, «politika hauek sortzen dituzten ondorioen aurrean dauden alternatibak ikusarazi» nahi dituzte.

Ildo horretan, aipamen berezia egin zioten Gobernu frantsesari. Macron presidentearen «zinismoa» arbuiatu zuten, izan ere, «G7 hau berak gidatzen dituen politiken erakusleiho bilakatu nahi du, eta gainera, desberdintasunaren aurkako borroka gailur honen helburu dela esatera ausartzen da».

Azkenik, G7 gailurra antolatu dutenei «errealitatearen abstrakzioa egin» eta «Euskal Herriko errealitatea aintzat ez hartzea egotzi zieten. G7 EZ! plataformaren iritziz, «Euskal Herria errealitate berri bat eraikitzen saiatzen ari da, adostasunez; aldiz, G7ko ordezkariek ordezkatzen duten ereduak kontrako logika inposatzen du».

Lehen desafioa: Programa

Jada lehen urrats «arrakastatsua» egin dutela azpimarratu zuten G7 EZ! eta Alternatives G7! plataformetako ordezkariek; izan ere, haien hitzetan, «gauza denetan ados ez gauden arren, funtsezko auzietan bat egitea lortu dugu eta hori lorpen esanguratsua da».

Horrelako programa bat antolatzeak suposatzen duen «desafioa» nabarmendu ostean, Estatu frantseseko zein mundu mailako eragileekin burutu duten elkarlanak aurrera begira lan egiteko «ateak ireki» dituela  azpimarratu zuten antolatzaileek. «Euskal Herria, munduan eraikitzen ari diren praktika alternatiboen inguruan, bidegurutzea» izan dadin lanean ari direla jakinarazi zuten.

Mobilizazioak

Irungo Ficoba erakustazokan 200 hizlarik eskainiko dituzten 40 hitzaldiez eta Hendaian egingo diren 50 tailer eta ikastaroez gain, mobilizazioak ere antolatu dituzte. G7 EZ! eta Alternatives G7 plataformak osatzen dituzten 100 eragileek adostu duten «ekintza batasunaren berri eman» zuten.

Egingo dituzten mobilizazio eta ekimen guztiak modu eraikitzailean egingo dituztela argitu zuten: «Indarkeriarik gabe eta baketsuak diren egin-moldeak eta teknikak baizik ez ditugu erabiliko». Aldiz, haien mobilizazioak «helburu komertzial edo bortitzetarako» erabiliak izan daitezen ekiditeko baldintza egokiak sortzearen beharra azpimarratu zuten, eta horretarako, «polizia indarrak elkarretaratzeak egingo diren lekuetatik aldentzea exijitu» zuten.

PARTE HARTZEA


Estimazio zehatzak ezinezkoak direla ohartarazi arren, kanpalekuan 2.000 pertsona, hitzaldietan 4.000 pertsona, eta mobilizazioetan 10.000 lagun espero dituztela jakinarazi zuten.

GIROA GAIZTOTZEN


«Baldintzak badira ongi pasatzeko, baina giroa gaiztotzen ari dira, atxilotuentzako ziegak, auzitegi bereziak, eta abar. Gure jardunak ez du justifikatzen judizializazio hori»