Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Vicente-Saralegi bikoteak irabazi du Latasa Saria

Larretxea eta Mindegia aizkolariak gailendu ziren beteranoen mailan Sunbillan jokatutako ekitaldian.

Sunbillako pilotalekua jendez gainezka aurkitzen zelarik, kirol ikuskizun askotarikoak ez zuen kale egin. Aizkolari beteranoek zein gaurkoek erakustaldi bikaina eskaini zuten. Harri-jasotzaileek ere ongi egin zuten. Txinga-eroaten Barakaldon bizi den senegaldarrak, Ousmane Dramek, ez zuen marka berria ezartzerik izan. Baina beste urte batez, Ramon Latasaren omenez egiten den kirol ekitaldiak igandean sabaia jo zuen.

Aizkolari gazteek lana gogotik egin zuten, batzuek hobeto, baina denek eman zuten zutena. Egin beharreko lana hamar kana-erdiko eta sei 60 ontzako pago enbor ebakitzea zen. Iker Vicente eta Ruben Saralegi izan ziren azkarrenak. Elkarlana bikain uztartu zuten. Azalean Ruben Saralegi eta enbor barruan bizitasunez eta bortitz Vicente. Aipatu lana 28 minutu eta 38 segundoan burutu zuten. Ondoren, Ugaitz Mugertza eta Julen Alberdi (29:21), Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño (30:41), Aitzol Atutxa eta Joseba Otaegi (31:39), eta Xabier Orbegozo Arria V.a eta Jon Rekondo (32:04).

Aizkolari beteranoen lana ere estua eta lehiatua izan zen, zirrara handikoa. Egin beharreko lana sei kana-erdiko eta lau 45 ontzako enbor ebakitzea. Donato Larretxeak eta Mikel Mindegiak 16:32 behar izan zuten. Angel Arrospidek eta Jose Migel Peñagarikanok, 17:07.

Bikote nafarra hasieratik bizpahiru kolperen aldearekin aritu zen. Azken enborrean batera sartu ziren. Nekeak gain hartuta, gipuzkoarrek kortea itxi eta komeriak izan zituzten. Beste bikotean, biak ongi, baina Mindegiak barruko lanean garbi utzi zuen hamar txapelen jabe zergatik den.

«Urra» eta Irigoien, aurrez aurre

Harri-jasotzen Mikel Lopetegi Urra eta Aimar Irigoien aritu ziren. Hasierako lana 125 kiloko zilindro kopa eta errektangularra eta 113ko kubikoa hartu eta bakoitzari hamar jasoaldi ematea. Bi minutu eta 49 segundo behar izan zuen Irigoienek, eta Lopetegik bederatzi segundo gehiago. Bigarren zatian, 100 kiloko bolari 15 jasoaldi eman behar. Aurreko denborak batuz Irigoienek guztira 3:16ko denbora egin zuen eta Lopetegik, 3:31. Txinga eroaten, Ousmane Drameri 2 plaza eta 9 metro eginaz erori zitzaizkion txingak. Mendatako Jose Antonio Elorrieta Santxoren lau plazak erdi parean gelditu ziren. Asmoak asmotan gelditzen dira sarritan.