Andres OSA «SAKONA»
HERRI KIROLAK

Donostian Aizkolarien Kopa eta Amurrion Urrezkoa

Bihar, arratsaldeko 7.30ean Donostiako Trinitate plazan urteroko aizkolarien neurketa izango da. Parte-hartzaileak Aitzol Atutxa, Iker Vicente, Mikel Larrañaga, Iñaki Azurmendi eta Eneko Otaño izango dira eta bakoitzak kana-erdiko 14 pago enbor ebaki beharko ditu.

Lehen posturako hiru aizkolari aurreikusten dituzte adituek, Atutxa, Vicente eta Larrañaga. Azurmendi eta Otaño ere disgustutxoren bat emateko gai badirela esango genuke. Udazkenean izango duten Txapelketa Nagusirako atariko bezala, bidea ikusarazten duen neurketa da biharkoa.

Urrezko Aizkoraren egutegiak ere aurrera jarraitzen du. Oraingoan Amurrion du zita. Bihar eguerdiko 12.30ean hirugarren jardunaldia jokatuko da. Julen Alberdi Txikia azkoitiarra eta Ugaitz Mugerza mutrikuarra arituko dira. Hau Ruben Saralegiren ordez arituko da.

Orain arteko sailkapena honela dago; Iker Vicentek 3 puntu ditu; Julen Alberdik, 2; Mikel Larrañagak, puntu bakarra. Saralegik orain arte ez du jokatu. Bihar plazaratuko diren biak une gozoan daude.

Etxalar, lokotx txapelketa

Nafarroan ere badago zer ikusi. Etxalarren, bihar 18.00etan, Nafarroako gizonezkoen Lokotx Bilketa Txapelketa jokatuko da. Honakoek parte hartuko dute: Unai Iantzi (Aniz), Aitor Blanco (Txantrea), Imanol Kañamares (Aroztegi), Gaizka Arbizu (Berriozar) eta Iñaki Cestau (Iruñea). Bakoitzarentzat 50 lokotx 1,25 metroko tartearekin.

Bihar ere, 17.30ean, Mallabiko Kirol Etxean 9 harri-jasotzaile izango dira lanean: Mikel Lopetegi Urra Euskal Herriko txapelduna, Xabat Olaizola, Iñigo Eizagirre, Manex Aburuza, Iraitz Arruti (denak zarauztarrak), Mateo Coloma (Orio) Inhar Urruzuno (Ondarroa), Ureta (Ermua) eta Julio Jimenez (Arevalo).