GARA
BAIONA

Bixente Larralderen aurkako salaketa jarri du Fiskaltzak

Bixente Larralde pilotariaren inguruan polemika handia sortu da azken egunotan, sare sozialetan zabaldutako bideo batean agertzen baita bera, festetan dela, bizirik den oilar bati lepoa mozten. Horren ondorioz, haren aurkako mehatxuak eta mota guztietako oharrak zabaldu dira sareetan, eta mundu osoko komunikabideek jaso dute gertatutakoaren berri.

Atzo jakin zenez, Baionako Fiskaltzak salaketa jarri du «animalia baten kontrako krudelkeriarengatik». Pilotariaren izen bera daraman Landetako gazte batek ere salaketa aurkeztu du, «kalte morala» argudiatuz, jaso dituen mehatxuak direla-eta.

Legediaren arabera, Hazparneko pilotariak bi urteko zigorra eta 30.000 euroko isuna izan ditzake zigortzat. Irailean deituko dute epaitegira.

Euskal Pilota Federazio frantsesak agiri bat zabaldu zuen, non esaten zuen eremu judiziala ez dagoela bere erabakitze eremuaren baitan, eta «jokalaria sostengatu izan dutenei egoera zail honetan moderazioa erakutsi» dezatela.

Internet bidezko plataforma batean 73.000 babes baino gehiago bildu ditu Larralde Estatu frantseseko euskal pilota taldetik kanpo uzteko eskaerak.