16/08/2019

«Aita Mari», aurki Mediterraneora bidean

Pasaiatik abiatuta «Aita Mari» euskal itsasontzia abuztu bukaerarako Mediterraneoan lanean egon liteke berriz, Iñigo Mijangos SMHko presidenteak iragarri duenez. «Egingo dugun guztia legea betez izango da», adierazi du, baina aldi berean beraien lanari traba eta mugarik ez jartzeko eskatuz. Tripulazioko kideak bidean dira.

GARA|DONOSTIA
0816_eh_aitamari

“Open Arms” eta “Ocean Viking” guztion ahotan dauden honetan, atzo jakinarazi zuten “Aita Mari” euskal itsasontzia ere laster atera litekeela berriz Mediterraneora, etorkinei laguntza ematera.

Jakina denez, itsasoratu zenetik traba administratibo-politikoak izan ditu lan honetarako egokitutako atunontzi ohiak, bai eta zenbait arazo tekniko ere. Pasaiako kaian dago ekainaren 30etik, egokitzapenak eta hobekuntzak egiten, baina asmoa abuztu bukaeran berriz Mediterraneo aldera joatea dela baieztatu dio Efe agentziari Iñigo Mijangosek. SMH Itsas Salbamendu Humanitarioa erakundeko presidentea da, itsasontzia kudeatzen duen gobernuz kanpoko erakundeko burua, hain zuzen ere.

Mijangosek esan duenez, itsasontziak behar duen guztia kargatzen hasi dira eta tripulazioa osatzeko falta diren kideak Pasaiarako bidean dira, guztiak hurrengo astean batzeko asmoz.

Oztopo legalei dagokienez, hau esan du Mijangosek: «Ez dakigu zer egingo dugun zehazki, baina egingo duguna legea betez izango da».

Bereziki osasun arloko laguntza ematen jardun zen “Aita Mari” Greziako kostaldean udaberrian, hasierako aurreikuspena Mediterraneoan hiltzeko arrisku larrian diren etorkinak erreskatatzekoa zen arren.

Abuztuaren 24tik 26rako egunak dituzte buruan SMHko kideek beren lana berrabiatzeko. Oraindik ez dute horretarako baimenik eskatu, Mijangosen hitzetan, baina ez dago horrekin kezkatuta, «egun batetik bestera» egin daitekeelako.

Edozein kasutan, baimena «garbia» izatea eskatu du, «muga neurririk» gabekoa, alegia.

LANA, ZEHAZTEKE

Zehazki zer lan egingo duten ez du azaldu oraindik SMH elkarteak. Udaberrian osasun arreta ematen aritu zen gehienbat; botikak banatzen, esaterako.