16/08/2019

Zabalik dago Xabier Lizardi sariketara aurkezteko epea
GARA|ZARAUTZ

Zarauzko Udalak 38. Xabier Lizardi Sarirako deialdia ireki berri du. Haur eta gaztetxoen artean literatura sustatzearren sortu zen sariketa eta 18 urtetik gorako egileei zuzenduta dago.

Sariketara haur eta gaztetxoei zuzendutako ipuinak aurkez daitezke, jatorriz euskaraz idatzitako lanak behar dute izan, originalak eta argitaragabeak, eta beste inolako lehiaketatan saritu gabeak. Autore bakoitzak lan bat baino gehiago aurkezteko aukera izango du –24.000 karaktere baino gutxiagoko lanik ez da onartuko–, eta horiek aurkezteko epea azaroaren 15ean amaituko da. Saridunak 4.000 euro jaso eta lana argitaratzea (2.500 ale) lortuko du.

Lanak ordenagailuz idatzita aurkeztu beharko dira –Din A-4 neurriko orrietan, “Times New Roman” letra mota erabilita eta lerro artean tarte bikoitza utzita–, izengoitiz sinatu behar dira –aparteko gutun-azal itxi batean zehaztu beharko dira izengoitia bera, izen-abizenak, helbidea eta telefonoa– eta posta arruntez bidalitako lanak ziurtatutako gutunean bidali beharko dira (Zarauzko Udala-Kultura Departamentua, San-Enea Kultur Etxea, Nafarroa kalea 22, 20800 Zarautz).