Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

«Arraun planetaren alde»: Lapurdiko surflarien protesta G7aren kontra

G7ko agintariek ingurugiroaren suntsiketan duten ardura salatzeko, «planetaren alde arraun egitera» deitu du Lapurdiko Surfrider fundazioak. Elkarretaratzea Getarian izango da abuztuaren 22an.

«G7 gailurra egun gutxiren buruan hasiko da eta, beste behin ere, elkar ikusiko dugu, abuztuaren 22an, osteguna, Getariako portuan, ozeanoaren ahotsa helarazteko». Horixe dio Lapurdiko Surfrider fundazioak zabaldu duen deialdiak. Iazko urrian hasi ziren fundazioko kideak «planetaren alde arraun egiten», eta ordutik, mugimenduak bilakaera esanguratsua izan du.

Europan indar hartzen ari den “Arraun planetaren alde” mugimenduak gero eta jarraitzaile gehiago ditu Estatu frantsesean, eta baita Ipar Euskal Herrian ere. Surfrider fundazioa, zenbait surf elkarte eta surf komunitateko pertsonaia esanguratsuak elkarlanean ari dira, «ozeanoen kutsadura salatu eta larrialdi klimatikoaz ohartarazteko».

Biarriztik Getariara

Paradoxikoki, 2018an Estatu frantsesa zeharkatu zuen bizikleta itzuli bat dago Lapurdiko surflariak batu dituen mugimenduaren iturburuan. 2018ko udan elkartu ziren lehen aldiz lurraren berotze efektuaz ohartarazteko, Estatu frantsesean egitekoa zen Alternatiba ekimena Baionan amaituko zenez, zerbait egin zezaketen aztertzeko. Hala, ekimenarekin bat egin eta urriaren 6an irten ziren lehen aldiz itsasora arraun egitera.

“Surf Session” aldizkariaren sortzaile Gibus de Soultraitek honela oroitzen du egun hartatik izandako bilakaera: «Kontzientziak pizteko itsasoratu ginen, eta arraun egin genuen erabakiak hartzen dituztenei gure mezua helarazteko. Arraun egiteko batu ginen eta arraunean joan ginen energia hartzen».

Abuztuan G7aren gailurra Biarritzen egingo zela jakin zutenean, hilabetero arraun egiteko biltzeko ideia sortu zen, eta horrela egin dute. Abenduan baldintza zailetan itsasoratu ziren, olatu handiak baitziren, eta, ondorioz, hurrengo batean gauza bera gerta zitekeela aurreikusita, leku lasaiago bat bilatzea erabaki zuten. Hortaz, urtarrilean Getariako portuaren aitzinean egin zuten arraun saioa.

Getarian egin zuten saioa, gainera, inflexio puntu bat izan zen. Negu betean ziren, lurra antzigarrez estalia zen, eta ura 10 gradutara zegoen, baina arraun egiteko egun zoragarria atera zen; eguzkia eta olatu txikiak. Kanpoaldean 200 bat lagun bildu ziren surflariei begira. Urautsira ere gerturatu ziren, elkarrekin surf pixka bat egiteko. Egun hartakoa bikain atera zen, eta hilabetero lekuz aldatzeko erabakia hartu zuten.

Otsailaren 12tik planetaren aldeko arraun irteerak Frantziako beste eremuetara zabaldu ziren. Hondartzak garbitzen, hitzaldiak antolatzen edota ura sei gradutan zen lekuetan klima beroketaren ondorioak salatzeko bainujantzian itsasoratzen hasi ziren surflariak. Eta horrela, azken hilabeteotan, 50 arraun saio baino gehiago egin dira, Bretainia, Marseilla, Lacanau, Pourville eta Normandian.

Kontzientzia hartzen

Une hartan larunbatero txaleko horiak protestak egiten ari ziren Estatu frantsesean, eta klimaren aldeko ekimen ugari ziren martxan munduan zehar. «Jende askok hartu genuen kontzientzia, eta konturatu ginen arazo klimatikoak eta sozialak lotuta daudela», nabarmendu du Soultrait surflari ezagunak.

Honela kontatzen du Soultraitek surflarien egoera: «Surflari guztiek ezagutzen dugu itsasoaren egoera, badakigu ozeanoa kutsatuta dagoela, plastikoekin dagoen arazoa ezagutzen dugu; azaleko gaixotasunak eta antzekoak ohikoa dira surflarien artean uraren kalitate txarragatik. Horregatik, batzuk ingurugiroa babesteko mobilizatu gara, beste batzuk klima aldaketagatik. Esaterako, Surfrider Europe Foundation ezaguna da Biarritzen, 25 urte daramatza ekimenak antolatzen, baina gehienek ez dakite nola egin ‘hiritarraren’ eta ‘surflariaren’ arteko lotura hori, eta ‘Arraun planetaren alde’ ekimenak aukera ematen du bi kontzeptuok elkartzeko».

Abuztuaren 22an, 19.00etan, Getariako portuan egingo duten ekimenean parte hartzeko deialdiari atxikita, honakoa irakur daiteke Surfrider fundazioak plazaratutako komunikatuan: «Ni ere kontziente naiz egun ditugun arazoez eta eta behar ditugun aldaketez. Konprometituko den mugimendu bateko kide izan nahi dut. Ez dut gehiago olatuez eta naturaz gozatu nahi errealitateari bizkar emanez. Naturak plazer handia eskaintzen dit eta nire esker ona erakutsi nahi diot».