GARA
BILBO

Alemanian krisia iragarri arren, Lakua baikor da

Bundesbankek ohartarazi du Alemaniako ekonomia atzeraldian sartzeko zorian dela, udan barne produktu gordina %0,1 jaitsi ondoren, AEBen eta Txinaren arteko tirabirek eraginda. Momentuz, Lakuaren ustez, EAEko aurreikuspen oparoak mantendu egiten dira.

Lakuako Ogasun eta Ekonomia sailburu Pedro Azpiazu baikor agertu zen atzo euskal ekonomiak urteko hirugarren hiruhilekoan izango duen bilakaeraz hitz egitean. Alemaniako ekonomian atzeraldian sar daitekeela ohartarazi zuen astelehenean Bundesbankek eta, sailburuaren baikortasun mezua, hain justu, hurrengo egunean bertan iritsi da.

Cadena Ser irrati katean egin eta Europa Pressek zabaldutako adierazpenetan, EAEko barne produktu gordina urteko hirugarren hiruhilekoan %2,3 igotzea aurreikusten dutela esan zuen sailburuak, Alemaniako egoerak euskal ekonomian eragina izan lezakeela onartuagatik. Aurreikuspen hori «posible eta arrazoizkoa» dela defendatu zuen.

Alemaniaren eta EAEren arteko harreman komertzialak onak direla eta EAEk esportazio eta inportazio handienak Alemaniarekin egiten dituela onartu zuen Azpiazuk, eta, hortaz, atzeraldi baten eragina oso «nabarmena» litzatekeela. Ildo horretan, Azpiazuri gehien arduratzen dion kontua Alemaniako atzeraldiak Europar Batasunari osotasunean nola eragingo dion da, «atzeraldi global batean sartzeko arriskua egon daitekeelako eta horrek bai eragingo ligukeelako modu indartsuagoan».

Txinaren eta AEBen arteko liskarren eta ekonomia txinatarraren desazelerazioaren ondotik, Alemania atzeraldi batetik gertu kokatzen dute. Are gehiago, udan bertako barne produktu gordina %0,1 jaitsi ostean.

Zerga-bilketa eta fiskalitatea

Oraingoz, horrenbestez, Azpiazuk ez du egokitzapen baterako beharrik ikusten, aurreikusten den igoera fidagarritzat baitu. Hala, nahiago du hirugarren hiruhilekoan zer gertatzen den ikusi, «orduan jakingo baitugu ea egoerak derrigortzen gaituen aurreikuspenetan errebisio bat egitera, beherantz edo gorantz, ez dakigu. Baina, oraingoz, uste dugu EAEren ekonomiaren errealitatearekin bat datorren datua dela %2,3ko hazkundearena».

Bestalde, zerga bilketari dagokionez, Azpiazuk adierazi zuen ezberdintasunak izan direla Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Hain zuzen ere, zehaztu zuen batezbestekoaren gainetik hazi dela Bizkaia; Gipuzkoa, aldiz, batezbestekoa baino gutxiago. «Ikusiko dugu ea bukaeran datuok baieztatzen diren, baina uste dugu erabaki puntual batzuengatik izan daitekeela eta urtean zehar konpentsatzen joango dela», azaldu zuen sailburuak. Era berean, arrazoizkoa iruditzen zaio zerga bilketa barne produktu gordinaren igoera nominalaren pare egotea; hau da, «presio fiskala mantendu eta %3 baino gorago egotea».

Azkenik, fiskalitatean jaitsiera bat iragartzea jarri zuen PPk baldintza gisa Lakuako aurrekontu orokorrak babesteko. Bada, Azpiazuk, nahi horrekin ados ez dela aipatu zuen. Aldiz, ñabardura bat egin zuen, adierazi baitzuen agian zerga batzuk jaitsi egingo direla eta beste batzuk igo: «Egin ezin daitekeena zerga guztietan jaitsiera orokor bat ezartzea da, horrek arriskuan jarriko bailituzke zerbitzu publikoak».