22/08/2019

Gatazkek sortzen dituzten arrakalak, zinkeko eskulturen bidez islatuak

Edozein gatazkaren ostean gizartean sortzen diren arrakalak ditu oinarrian Iñaki Olazabalek Zarautzen jarri duen erakusketak. «Arrakalak» izeneko pieza da kontakizuna gidatzen duena, lurra hausten duen kono erraldoia. Hala ere, ikuslearen ikuspuntuak osatuko du erakusketa, gatazketan bando desberdinak sortzen direlako, bakoitza bere ikuspuntuarekin, eta egilearen ustez arteak ez luke posizioa hartu behar baten edo bestearen alde.

Nagore BELASTEGI
0822_kul_olazabal

Zinka du oinarrian Iñaki Olazabalen lanak. Bere zeinu bilakatu da material hori, burdina alde batera utzi zuenetik. Artista nekaezina da andoaindarra, Zumaian duen tailerrean lanean dihardu buru-belarri. Egun hauetan, arratsaldetan, Zarauzko Torre Luzea aretoan duen erakusketa zaintzera joaten da batzuetan. Bertan dauden piezak irailaren 15era arte izango dira ikusgai.

Erakusketaren izena? Ezezaguna. “Arrakalak” bezala ezagutu dezakegu, agian, izen hori baitu pieza nagusiak, baina agian ez dugu berriro erakusketa bera beste inon ikusiko. «Azken bi urteetako lanak dira. Atzerabegirakoa egitea tokatuko zait noizbait, baina oraindik ez. Normalean aretoaren arabera moldatzen dut erakusketa. Eskulturak forma, bolumena eta espazioa dira. Eskultura berdina leku batean edo beste batean jartzea desberdina da», aitortu digu artistak.

“Arrakalak”, beraz, pieza bakarra da, baina bere inguruan beste asko daude. «Desberdinak diren arren, denek dute zerikusia egilea berdina den heinetik, baina bakoitza bere bidetik doa», azaldu du. Guztira 18-20 pieza inguru eraman ditu Zarautzera, batzuk txikiak eta beste batzuk ertainak. Ondo handirik ez du hautatu Torre Luzean jartzeko. Izan ere, handiena, etengabe aipatutako “Arrakalak” da, 1,70 metro neurtzen duena. «Hori dago erdian. Zintzilikatu egin behar zen eta bertan kokatzeko aukera izan dut. Begiekin lehen kolpean ikusten dena da, indartsua, pieza nagusia».

Gizarteko gatazkak, gizarteko arrakalak islatzen ditu piezak, eta orokorrean erakusketa guztiak, kasu honetan gutxienez. «Agian beste erakusketa batean beste diskurtso bat zehaztuko dut», aipatu du.

«Gatazka guztietan, indarkeria dagoen gatazketan batez ere, ez Euskal Herrian bakarrik, zauriak sortzen dira gizartean. Eskultura nagusia kolpe bat da, lurreraino iristen ez den kono bat, baina lurra zatitan banatzen duena. Horiek dira gizartean sortzen diren arrakalak».

Bestalde, paretan buru batzuk jarri ditu, erdigunera begira daudenak. «Ikusleak dira, gizartea. Beste pieza txikiagoak ere badaude, abstraktuagoak, bikote bat… denetarik», esan du Olazabalek gehituz bisitariaren begiradak osatuko duela erakusketa. «Bakoitzak bere ikuspegia izango du, gatazka guztietan bi alde dauden bezala. Artea ez da alineatzen bando batekin edo beste batekin, gutxienez nik egiten dudana».

Alemaniako ideia bat

Olazabalen eskulturek badute Txillidaren eta Oteizaren filosofiaren zantzurik. Izan ere, bera ere burdina lantzen hasi zen, baina Alemaniara ikastaro batzuk egitera joan zenean konturatu zen burdina ez zela praktikoa, azpiegitura handiak behar zituelako piezak mugitzeko. Eta orduan zinkarekin probak egiten hasi zen. Material hura gustatu zitzaion eta, horregatik, azken urteetan horrekin eroso sentitu da. Hasieran maketak egiten zituen, eta ondoren pieza handiagoak egiteko pausoa eman zuen... eta orain arte.

Nahiz eta zinka den bere obraren protagonista ez da horretara mugatzen. Hasteko, metalari tonalitate desberdinak ematen dizkio azidoarekin. Ez da margoa, baina patina horrekin erreakzio bat lortzen du, zinkean gris mota desberdinak pintatzen dituena.

Pieza batzuetan, gainera, beste material batzuk tartekatzen ditu. Adibidez, paretako bost buruak desberdintzeko eta haien begirada nabarmentzeko kolore desberdinez pintatutako egur zatiak dituzte. Dominak diren beste eskultura batzuk ere baditu, eta horietan oihala erabiltzen du guztiak desberdintzeko.

GRISA


Badirudi eskulturak gris tonalitate desberdinekin pintatzen dituela, baina ez du margorik erabiltzen, azidoa baizik.