GARA
BILBO

Konpartsek salatu dute kide bati «gogor jazarri» zaizkiola udaltzainak

Bilboko Konpartsek atzo salatu zutenez, asteazken arratsaldean udaltzainak «bortizki jazarri» zitzaizkion konpartsakide bati eta 19 orduz atxilotuta eduki zuten. Komisarian ere tratu txarrak jaso zituela gaineratu zuten, eta poliziaren «gehiegizko presentziari» egotzi zioten gertaera.

Gertaera konpartsakidea 90 urteko amarekin eta semearekin jaigunean zegoela hasi zen. Bilboko Konpartsek adierazi dutenez, udaltzain batek telefonoa kendu nahi zion eskuetatik eta berak, «harrituta», ezadostasuna agertu zuen eta uko egin zion sakelakoa emateari.

Erantzunaren aurrean «poliziek konpartsakidea jipoitu, arrastaka eroan eta lurrean zegoela eskuburdinak jarri» zizkiotela azaldu dute. Gaineratu dutenez, 19 orduz eduki zuten atxilotuta Miribillako komisarian eta galdezka hurbildu zirenei informazioa ukatu zieten.

«Inkomunikatuta egon zen bost orduz, tratu txarrak jaso zituen eta jasotako kolpeen ondorioz eragindako minak artatzeko mediku-arreta eskatu arren arratsaldeko seietatik goizaldeko ordu biak arte ez zuten Deustuko anbulategira eraman, nahiz eta familiari arratsaldean esan Basurtun zegoela», gaitzetsi dute. Konpartsakideak kontusio ugari ditu «eman zizkioten kolpeen ondorioz».

Udaltzainen «gehiegizko presentziari» egozten diote gertakaria: «Polizia haserre ugari dago jaigunean, eta Mozal Legeak uzten duen inpunitate-marjinak erabat babes gabe uzten gaitu» eta «berebiziko eragina du egoera prekarioan dauden pertsonen kasuetan, kaleko-saltzaileena agerikoena dela».