Haritz LARRAÑAGA
DONOSTIA
Surf

Niaseko mundu mailako eskuin olatua desagertzeko zorian da

Indonesiako urautsi famatuenetako bat hondatu dezakete Niasen egiten ari diren eraikuntza lanek. 2005eko tsunamiak eragindako kalteen ostean, onera etortzen ari zela hasi dira lanak. Bertako eta mundu osoko surflariak elkartu dira lanak geldi ditzatela eskatzeko.

Munduko eskuin olatu ederrenetako bat arriskuan da. Sumatrako uhartearen iparraldean dagoen Niaseko urautsia porlanez betetzen hasi da Indonesiako Gobernua, eta surflariak haserre bizian dira. Internet bidezko sinadura bilketa bat jarri dute abian eta surflari ezagunen babesa jasotzen ari dira.

Horrez gain, irailaren 10ean munduko txapelketa bat izango da bertan, Nias Pro WQS 3.000. Txapelketa garrantzitsua da, mundu osotik joandako surflariak izango baitira bertan, eta WSL erakundeak antolatzen duenez, jarraipen mediatiko handia izango du. Ondorioz, Indonesiako Gobernuko ordezkari esanguratsuak izango dira bertan, eta horren aurrean, haien eskaerak entzunarazteko ekimen eraginkor bat antolatzen ari direla jakinarazi dute Niaseko surflariek.

Porlana eta arrokak

Duela zenbait hilabete urautsi ondotik pasa behar duen errepide bat eraikitzen hasi ziren Niasen, baina lanek aurrera egin ahala, arrezifearen ondotik pasa beharrean, arrezifearen gainetik pasako den errepide bat eraikitzen ari direla ohartu dira bertako surflariak.

Lagundriko badian aurkitzen da munduko eskuin olatu ederrenetakoak eskaintzen dituen urautsia, eta bertako surflarien esanetan, Gobernuak martxan jarri duen proiektua «neurrigabea» da eta «gaizki egina dago».

Surflari indonesiarrek Surfline hedabideari egin zizkioten adierazpenen arabera, «eremu txiki batean hasi ziren lanak egiten, eta guztia hankaz gora jarri zuten, eta orain dena kaos bat da, arroka eta porlana nahastu dira, eta kolore gorriko lur likatsua pilatu da».

Surflarien esanetan, «arrezifearen gainean ero moduan zementua eta arrokak botatzen aritu dira, eta ondorioz, itsasgoran surf egitea oso arriskutsua bilakatu da, zeren bota dituzten arroka batzuk gainazalera ateratzen dira». Horrez gain, «arrokak eta lurra botatzen hasi ziren, baina orain hondartzaren beste eremu batean ere lanak egiten hasi dira, arroka gehiago bota dituzte hondartzaren beste aldean eta horrek errebotea sortzen du itsaski apur bat dagoen egunetan», azaldu zioten Niaseko surflariek Surflineko erreportariari.

Surflarien ustez, proiektuaren atzean ez dago bertako Gobernua soilik, zeren Niaseko uhartean aurrez inoiz ikusi ez bezalako makinak ari dira lanean. Porlanezko bloke erraldoiak botatzen dituzte itsasbazterrean eta surflariek salatzen dutenez, «inork ez daki zein den proiektu honen egitasmo zehatza».

Abuztuaren 21ean Indonesiako Gobernuko ordezkari esanguratsuak izan ziren lanak ikuskatzen eta oporretan ziren surflariek Yasonna Laoly ministroarekin hitz egiteko aukera izan zuten. Giza eskubideen eta zuzenbidearen ministroari helarazi zioten mezua laburra bezain argia izan zen: «Mundu guztia ari zaizue esaten eraikuntza hauek bertan behera uzteko, zeren, urautsia hondatzen baduzue, akabo turismoa!».

Olatu ederrak

Sorake izeneko badian aurkitzen da Niaseko eskuin olatu famatua, Teluk Dalam hiritik gertu. Zehatzago, Lagundri deitzen dute surf egiten den eremua. Ezkerraldean, ezker olatu bat du kalitate ertainekoa, baina eskuinaldean ateratzen den olatua munduko eskuin olatu hoberenetako bat da.

Ez da olatu erraza, hondo gutxiko eremuan lehertzen denez, olatu borobila baita. Hau da, jaitsiera zaila du eta tubo forma du, baina bere ezaugarri nagusia bertako olatuek tubo oso luzeak egiteko eskaintzen duten aukera da. Mundaka moduko olatu bat da, baina eskuinaldera jotzen du eta arrezifearen gainean lehertzen da.

Nias inguruan kalitate handiko urautsi asko dago. Baliko uhartean izaten diren jende pilaketekin alderatuta, eremu salbaia eta lasai da. Ez da jende gehiegi izaten uretan. 60ko hamarkadan joaten hasi ziren hippyak izan ziren Niasen surf egiten lehenak eta ordutik milaka izan dira mundu osotik bertaratu diren surflariak.

Tsunami eta lurrikarak

2004. eta 2005. urteetan izan ziren lurrikarek kalteak eragin zituzten urautsiko hondoetan, baina pixkanaka hondoak berriz ere bere onera itzultzen hasi ziren eta azkenaldian olatu oso onak izan dira. Esate baterako, iazko uztailean izan zen itsaski batek itzelezko irudiak utzi zituen, haien artean, olatu erraldoi batek ontzi bat harrapatzen zueneko irudia.

2004ko abenduaren 26an Indiako Ozeanoan izan zen lurrikara batek tsunami indartsu bat eragin zuen eta Indonesiako kostaldea kolpatu zuen. 122 pertsona hil ziren eta ehunka pertsonak beren bizilekua galdu zuten. Hiru hilabete geroago, 2005eko martxoaren 28an, beste lurrikara bat izan zen, Indonesian inoiz izan zen bigarren lurrikara indartsuena.

1900. urtetik munduan inoiz izan den lurrikara suntsitzaileenetako bat izan zen 2005ekoa. Desagertu ziren 2.000 pertsonetatik, 800 gorpu baino ez zituzten topatu eta ehunka eraikin erori ziren. Ondorioz, milaka herritar etxerik gabe geratu ziren. 2007. urtean, oraindik, milaka pertsona ziren kanpaleku egokituetan bizi zirenak.

Tsunami eta lurrikara hauen ondorioz, Niaseko kostaldeak aldaketak jasan zituen. Eremu batzuetan esaterako, kostaldea, 50 metro mugitu zen (barrualdera) eta beste eremu batzuetan, ostera, ordura arte itsasoak estaltzen zituen eremuak agerian geratu ziren. Orokorrean, ia hiru metro altxa da lurra Niaseko uhartean. Ordea, pixkanaka hobetzen hasi ziren eskuin olatuko hondoak, eta orain eraikuntza lanak hastea kolpe gogorra izan daiteke.