Rebeka Ubera eta Lander Martinez
EH Bildu eta Elkarrekin Podemos-eko legebiltzarkideak
KOLABORAZIOA

Aukera zabala euskara jakiteko eskubidea bermatzeko

Gauza bat dira diskurtsoak eta beste bat eguneroko praktika, gauza bat gizartean egon daitekeen imajinario kolektiboa eta beste bat errealitatea. Hizkuntza politika ere ez da salbuespen.

Aurreiritzi bat egon da urteotan: hizkuntza politika soilik abertzaleen artean egin daiteke, euskara abertzaleen kontua da. Egia da, egia, orain arteko abertzaleak ez diren alderdi batzuek eginiko ibilbideak hori ematen duela aditzera, euskararen normalizazio osoari traba jartzeko joera eduki dutelako. Alabaina, salbuespenak salbuespen, egia da abertzaleen artean ere, botere posizioak medio, ikuspegi desberdinengatik edo interes partikularrengatik edo dena delakoagatik, ez dela elkarlanerako kultura sendoa egon. Alegia, hizkuntzan ere politika irizpideak, helburuak eta erritmoak ez dira bat etorri sarriegi.

Esaten ari garenaren adibide izan daitezke legealdi honetan EH Bildu eta Elkarrekin Podemos hizkuntza politikaren alorrean elkarlanean garatzen ari garen proposamenak. Edozein lekuko objektibok esango luke, oro har, zentzudunak eta eskuzabalak direla, nahiz eta hainbat ahots interesatuk «oposizio basati» moduan kalifikatu izan dituzten. Elkarrekin Podemosek eta EH Bilduk ez dugu hizkuntza politikari dagokiolarik dena igual-igual ikusten, baina, aurrera egiteko nahiak bultzatuta, adostasuna eta elkarlana bilatu eta aurkitu egin dugu. Izpiritu horrekin landu ditugu Legebiltzarrean hamaika proposamen eta ekimen.

Lan horren lekuko da Euskara Jakiteko Eskubidea Bermatzeko Lege Proposamena. EH Bilduk aurkeztuta eta Elkarrekin Podemosen ekarpenekin, batzuen zein besteen proposamenak aztertuta eta adostuta, euskalduntze prozesua indartzea du xede. Horretan ari gara, nahiz eta jakitun garen Legebiltzarrean gutxiengoan gaudela eta gainerako taldeen ikuskerak urruti daudela gurearekiko.

Guk argi dugu euskara ikasteko sarbidea, C1 mailaraino, doakoa bilakatu behar dela legez, kontua ez dela egun indarrean dagoen laguntza sistema betikotzea. Hortik dator aldaketa. Ardatz nagusi horien baitan eraiki behar da sistema berria. Gako horiek kontuan hartuta, aukerak egon daitezke batzuen zein besteen irizpideak aintzat hartzeko; esaterako, aprobetxamendu eta ebaluazio irizpideak ezarriz C1 mailan edo bestelako bermeak ezarriz doakotasunari, diru publikoaren erabilera zuzena bermatzeko. Zer gutxiago guztion dirua dena, Jaurlaritzak kudeatzen duena, herritarren eskura jartzea baino euskara ikasteko. Zer beldur egon daiteke horretarako, hezkuntza eta funtzio publikoak gutxienez ofizialak ditugun bi hizkuntzetan ikasi, bizi eta lan egiteko bermeak ezartzen baditu?

Unibertsaltasuna eta lurralde oreka. Bizitokiaren eta irizpide ekonomikoen hesiak gaindituz, euskara herritarren eskura jarri eta zabaltzeko bidea egiten jarraitu nahi dugu, hezkuntzak eta funtzio publikoak, besteak beste, jokatzen duten papera kontuan izanda eta euskaltegien funtzioa errespetatuz. Ez da gure asmoa artikulu honetan legea zehaztapenez garatzea, baina bai adierazi nahi dugu aukera paregabea dugula euskalduntzean urrats esanguratsua emateko, bide batez orain arte bidean geratu zaizkigun eta baztertu diren bestelako ekimen batzuk berriro eskuratuta. Guk, Elkarrekin Podemos eta EH Bilduk, lanean jarraituko dugu, desberdintasunak gaindituz gure aletxoa jartzen.