GARA
BARtzELONA

GEDek epaiaren aurrean erantzun zabala antolatzeko konpromisoa hartu du

Zazpi urte dira ANCk manifestazio jendetsuak antolatzen dituela Diadaren egunean Katalunian, eta zazpi urte dira jada Euskal Herriko delegazio desberdinak hurbiltzen direla babesa ematera. Atzo ere ugari izan ziren manifestazioko puntu desberdinetan ikusi ahal izan ziren ikurrinak, eta ez zuen huts egin ezta ere Independentistak sareak urtero antolatzen duen kalejirak, arratsaldeko manifestaziorako bidean.

Azken urteetan Gure Esku Dagoren ordezkaritzak ere bertan izan dira. Atzo, arratsaldean manifestazioan parte hartu aurretik, Generalitatean egon ziren Quim Torra presidentearekin, Amalur Alvarez bozeramailea buru. Ohar batean jakinarazi zutenaren arabera, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin, ANCko lehendakari Elisenda Paluzierekin eta Omnium Culturaleko zuzendaritzarekin ere egon ziren. Denei adierazi zieten euskal gizartearen elkartasuna. «Kataluniako prozesuaren sententziaren atarian, Gure Eskuk uste du ezinbestekoa dela euskal herritarren ordezkariek ahaleginak areagotzea oinarrizko eskubideak, askatasunak eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko», adierazi zuten ohar batekin. Era berean, eskubide horien «defentsa aktiboa egiteko konpromisoa» helarazi zien GEDek eragile desberdinei.

Alderdiak ere Bartzelonan

EH Bilduko eta EAJko ordezkariak ere egon ziren atzo Kataluniako hiriburuan, baina ez elkarrekin. Lehenengoak, goizeko ekitaldi instituzionaletan parte hartu eta gero, arratsaldeko manifestazioan ere egon ziren. «Inoiz baino garrantzitsuagoa da Katalunia eta Euskal Herria elkar hartuta aritzea», esan zuen Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramaileak. Jeltzaleek, aldiz, goizeko ekitaldietan bakarrik hartu zuten parte. EBBko presidente Andoni Ortuzarrek sententzia «bidezkoa» izatea espero dutela adierazi zuen, PDeCat-ekin batera.