Haritz LARRAÑAGA
BAIONA

Instituzioen antolaketa aztergai Bateraren foroan

Bi hitzaldi antolatu ditu Batera plataformak datozen hilabeteetan Euskal Elkargoak izango dituen erronketan sakontzeko. Instituzioen kudeaketa eta funtzionamendua aztertuko dituzte irailaren 21ean, Baionan.

Ipar Euskal Herriko instituzioek datozen hilabeteetan izango dituzten auzi nagusietan sakontzeko, bi hitzaldi antolatu ditu Batera plataformak Baionako Arte Eskolako auditoriumean. Nicolas Blain Baterako bozeramaileak Baionan eskainitako prentsaurrekoan azaldu zuenez, «beti bi zangoren gainean ibili izan gara: bata iparraldeko aitortza politiko eta instituzionala da; eta bestea kudeaketan oinarritzen da, hau da, hemengo biztanleen arazoei erantzuteko tresna instituzionalak sortzea».

“Nortasuna eta lurraldetasuna. Instituzioen legitimitatea” goiburua izango du lehen hitzaldiak eta lekuko instituzioen aitortza eta kudeaketa izango dituzte hizpide Alain Faure politikari ikertzaileak eta Vincent Simoulin Tolosako Unibertsitateko Gizarte Zientzietako irakasleak. Bigarren hitzaldian, ostera, Euskal Elkargoko antolaketa eta herritarren parte-hartzea nola hobetu aztertuko dute, eta hiru hizlari izango dira: Jo Spiegel, Kingersheimeko auzapeza; Manon Loisel, ACADIE kooperatibako gerentea, eta Bruno Julliard, Parisko alkateorde ohia.

«Nora joan nahi dugu?»

Iazko udazkenean Euskal Elkargoaren funtzionamenduari buruzko herritar auditoria bat egin zuen Batera plataformak, eta handik ateratako emaitzak urtarrilean aurkeztu zituzten. Ordea, «diagnostikoan agertu ziren zenbait puntuk gaurko koadro instituzionala gainditzen zuten, beraz, une hartan egungo funtzionamenduan zentratzea erabaki genuen, baina gai haiek gorde genituen eta orain landuko ditugu» azaldu zuen Jakes Bortayruk, Baterako ordezkariak.

Bestalde, antolatzaileen hitzetan, «egungo panorama politikoan eta Elkargoak duen aktualitatean bete-betean txertatzen da foroa», zeren datozen hilabeteetan mahai gainean izango diren bi auzi garrantzitsu landuko dituzte. Bata gobernantza ituna da, eta bestea, hurrengo hauteskundeei begira, mahai gainean izango den Euskal Elkargoaren funtzionamenduaren inguruko eztabaida.

Egun Estatu frantsesean izaten ari diren eztabaidak, zein datozen hilabeteetan izango direnek, ondorio zuzenak izango dituzte Ipar Euskal Herriko instituzioetan, eta Baterako kideen iritziz, Estatu frantsesetik etorriko diren adituek foroak planteatzen duen galdera nagusia erantzuten lagun dezakete: «Ipar Euskal Herriko instituzioa: nora joan nahi dugu?».