GARA
IRUÑEA

Madrilen epaituko dituzten 47en alde mobilizazioak egin ditu Ernaik

Gazte antolakundeak deituta, mobilizazioak izan ziren atzo eguerdian unibertsitatean, astelehenetik aurrera Madrilen epaituko dituzten 47 herritarren alde. Iluntzean protesta gehiago egon ziren hiriburuetan.

“Presorik gabeko Euskal Herrian, gazteok zurekin. Makroepaiketarik ez” izan zen elkarretaratzeen leloa. Ernai gazte antolakundeak salatu zuenez, «47 euskal herritarren aurkako enegarren makroepaiketa» da hau, eta «euskal presoen eta hauen senideen sostengurako lana» da epaitu nahi dutena.

«Tribunal arrotzetan ebatziko dute, beste behin ere, hamarnaka euskal herritarren etorkizuna», adierazi zuen Ernaik ohar batean, eta «gazteon elkartasun eta maitasun osoa» helarazi zieten «epaituak izango diren kideei eta haien senide eta lagunei».

ETAk bere jardun armatua behin betiko eteten zuela iragarri zuenetik «gatazkaren konponbidea azkartzeko milaka lagunek» emandako «bultzada» nabarmendu zuten, eta testuinguru «itxaropentsu» horretan kokatu zuten preso, iheslari eta deportatuen korapiloa askatzeko sortutako herri dinamika askotarikoa, batez ere Herrira mugimendua, eta honek izan zuen «gaitasun aktibatzailea».

«Injustizien aurka altxatzen garen gazteak gara eta ez gaude prest basakeria judizial hau onartzeko», esan zuen Ernaik, 47 herritarren «bizkarrean» jarri nahi duten 601 urteko espetxe zigorraren eta 117.600 euroko isunaren «zama» salatuz.

Iluntzean mobilizazio gehiago egin zituen gazte antolakundeak hiriburuetan, eta larunbateko Bilboko manifestazioan parte hartzeko deia egin zuen (17.30ean, Bilboko Casilla-tik).

Parte hartzeko deia

11/13 sumarioko auzipetuei babesa emateko manifestazioan izango da Foro Soziala. Hedabideetara bidalitako ohar batean, salatu zuen «iraganeko kontua» beharko luketela halako epaiketek eta salbuespenezko espetxe politikak gainditzeko dinamikak berreskuratzeko eskatu zion Estatu espainolari.

Manifestazioarekin bat egin zuten EH Bilduk eta EH Baik ere, eta gauza bera egiteko eskatu zieten herritarrei. «Bidea egiteko dago atzera-bueltarik gabeko bake integrala eraikitzeko», adierazi zuten subiranistek.