Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Labezomorroa

Bere azken nobela idazteko orduan Kafkaren “Metamorfosia” izan du inspirazio iturrietako bat Ian McEwanek. Pragako idazlearen lanean bezala berean ere itxuraldaketa bat gertatzen da, baina kasu honetan protagonista, Jim Sams izeneko adin ertaineko gizonezko zuria, ez da intsektu erraldoi bihurtzen, baizik eta Britainia Handiko lehen ministro. Itxuraldaketa gertatu baino lehen, inork ez zuen aintzat hartzen Sams; orain, ordea, botere handia du eta helburu jakin bat betetzera bideratuko du: herritarrek nahi duten hori lortzera.

McEwanen editoreak jakinarazi duenez, ezerk ez du “The Cockroach” (Labezomorroa) nobelako protagonista geldituko, ez oposizioak eta ez bere alderdi barruan berarekin ados ez dauden horiek. Parlamentuko arau demokratikoak ere bost axola zaizkio bere ustez bere «betebeharra» dena aurrera eramateko orduan. Irakurleari ezaguna zaio istorioa edo, hobeto esanda, historia: Brexit itunaren gaineko eztabaidak eten aldera Erresuma Batuko Parlamentua urrira arte itxi duen Boris Johnson lehen ministroaren antza du Samsek.

McEwanek ez du ukatzen nobelaren bigarren inspirazio iturria. Ozen eta behin baino gehiagotan adierazi du Ingalaterrako azken urteetako giro politikoak eragiten dion haserreaz. Sormenezko zerbait egin nahi izan du haserre horrekin, eta horren emaitza da «tradizio zaharrean idatzitako satira politikoa» bezala deskribatzen den nobela. (H)istorioa tragedian amaitzen den ala ez, ez du aurreratu, ordea. Erantzuna jakiteko urrira arte itxoin beharko dugu.