Maider IANTZI
DONOSTIA

Urriaren erdialdean hasiko dira Zubietako erraustegian hondakinak erretzen

Gipuzkoako Ingurumen Gunea lau plantak osatzen dute. Goialdean, tratamendu mekaniko-biologikoa eta balorizazio energetikoa daude (erraustegia bera). Behean, biometanizazioa eta zepak ontzeko planta.

Duela urtebete pasatxo Zubietako erraustegiaren goialdeko zatia erakutsi zuten, hondakinak erreko dituzten lekua bera («balorizazio energetikoa» deitzen dutena) eta tratamendu mekaniko-biologikoko planta (TMB). Obrak nahiko aurreratuak zeuden eta, iragarritako epeak beteta, lanak bukatuta daude.

Atzo, aldiz, behealdeko partean egin zuten bisita hedabideekin. Erraustegitik iritsitako zepa edo hondakinak ontzeko planta eta biometanizaziokoa ezagutarazi zituzten. Obra horiek ere amaitu dituzte. «Erremateak» falta dira soilik.

Lehenengo partea, GIG-1 izenekoa, proban dago. Momentuz hotzean ari dira probatzen, baina urriaren erdialdean hondakinak erretzen hasiko direla iragarri zuen Jose Ignacio Asensio Ingurumeneko diputatuak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioko presidenteak.

Zepak heltzeko plantan, oraindik erraustegiko hondakinik ez dutenez, Zabalgarbitik ekarri dituzte. Diputatuak jakinarazi zuenez, heldu den astean hasiko dira horiekin probatzen.

Gero, urtean 52.000 tona hondakin ekarriko dituzte bertara goiko erraustegitik. Katiuska, kasko eta txalekoak jantzita, bertara sartu ahal izan ginen kazetariak. Azaldu zutenez, zepak bi astez izanen dituzte lehortzen. Gero metalak bereiziko dituzte, eta tamainaren arabera ere eginen dute sailkapena. Beharrezko tamainara egokitzeko txikitu, aluminioa, «eta, baleude, harribitxiak» berreskuratu, eta bi hilabete edukiko dituzte ontzen. Obra publikoetarako materiala lortuko dute hala.

«Ekonomia zirkularra»

«Ekonomia zirkularra da. Harrobiak erabiltzea ekidingo dugu errepideen oinarriak edo hormigoizko blokeak egiteko», nabarmendu zuen Asensiok.

Biometanizazio plantan ere jada hasi dira bi biltegi handietako batean gipuzkoarren etxeetako hondakin organikoa sartzen. %30 dute betea. Erran zutenez, biometanizazio plantak urtean 14.500 MWh sortuko ditu, 4.000 etxe hornitzeko nahikoa energia, alegia.

Planta horren eta Epeleko konpostaren artean, Gipuzkoan bildutako materia organiko guztia tratatuko dutela baieztatu zuten. Bermikonposta egiteko planta bat eraikitzeko asmoa dute, «konposta baino askoz hobea den ongarria lortzeko». Bitartean, «Nafarroara» eramaten dituzte tratatutako hondakinak, konposta egiteko.

Urte honen amaieran, Gipuzkoako Ingurumen Gunearen lau azpiegiturak martxan jarriko dituztela espero dute. «Gipuzkoak azken belaunaldiko teknologiaz hornitutako abangoardiako zentroa izango du hondakinen tratamendurako, kudeaketa gardenaren bitartez eta Hondakinen Kontsortzioaren kontrol publikoarekin», azpimarratu zuen Ingurumeneko diputatuak.

Horri esker, «2020tik aurrera Gipuzkoak ez du zabortegirik beharko», erantsi zuen. Sistema garbia dela eta ez duela usaintzen aipatu zuen Kontsortzioko presidenteak, baina guk behintzat usaina sumatu genuen.