GARA
BARTZELONA

GED: «Euskal gizartea mobilizatu egingo da epaiaren aurrean»

Kataluniako egoera politikoaren inguruko hausnarketak lehen eskutik jaso asmoz bertako ordezkariekin bilera erronda egin du Gure Esku Dagok. Prozesuaren aurkako sententziaren atarian, Euskal Herritik emango zaion erantzuna artikulatzeko prest agertu da.

Gure Esku Dagoren ordezkaritza bat Katalunian izan berri da, procés-aren sententziaren atarian bertako egoera politikoaren gaineko hausnarketak jasotzeko. Amalur Alvarez GEDeko bozeramaileak Diadan parte hartu zuen eta irailaren 11n Quim Torra Generalitateko presidentearekin elkartu zen. Beste zenbait bilkura ere egin zituen, horien artean, Roger Torrent Kataluniako Parlamentuko presidentearekin, Elisenda PaluzieANCko lehendakariarekin, Omnium Culturaleko Zuzendaritza Batzordeko delegazio batekin eta JxCat, ERC, CUP eta En Comú Podem alderdien talde parlamentarioetako ordezkariekin.

Eragile sozial eta politiko katalanei oinarrizko eskubide eta askatasunen defentsa aktiboa egiteko konpromisoa adierazi dietela azaldu du GEDek prentsara helarazitako ohar baten bidez. Horrez gain, zigor epaia etorriz gero, euskal gizartearen erantzuna artikulatzeko prestutasuna ere adierazi dietela nabarmendu dute.

Ildo horretan, epaiak izan ditzakeen ondorioez eta horren aurrean hartu beharreko jarrerez ere aritu dira. «Eragile katalanek nabarmendu dute garrantzitsua izango dela euskal gizartearen aktibazioa. Zalantzarik gabe, epaiaren ondorioei erantzutea erronka demokratikoa izango da euskal herritarrentzat», ziurtatu du GEDek.

Epaiaren aurreko jarrerak

«Epaiak ez die eragingo soilik preso politiko katalanei. Krisi demokratiko larria pitz dezake, eta, oinarrizko eskubideak kriminalizatzeaz gain, subiranotasun helburu edota asmoei giltzarrapoa jarriko die, zigorra badakar. Erabakitzeko eskubidearen joko arauak mugatuko ditu», nabarmendu du GEDek. Horregatik, «ardura demokratikoz jokatzeko» deia luzatu die ordezkari politikoei, «zailtasun guztien gainetik alderdikerien gainetik joka dezaten demokraziaren eremua birdefinituko duen epai honen aurrean». Hala, «eskubideak, askatasuna eta burujabetza nahia elkarrekin defendatzeko ahaleginak areagotzea» eskatu die.

Ordezkari katalanekin izandako bileretan GEDek euskal gizartearen mobilizazio ahalmena ere izan zuen hizpide. «Konbentzituta gaude euskal gizartea ere mobilizatuko dela eskubide eta askatasunak edo herrien erabakimena murrizten dituen epai baten aurrean», esan dute, eta, bide horretan, epaia ezagutu bezain laster Euskal Herrirako diseinatu duten erantzuna jakinaraziko dutela aurreratu dute.