GARA
Mendia

Mendizaletasunaren Museoak bulego berria du Zuhaizti kiroldegian

Euskal Mendizaletasunaren Museoa Fundazioak (Emmoa) Donostian izango duen egoitza berria aurkeztu zuen atzo eguerdian. Zuhaizti kiroldegian dago kokatuta eta inaugurazio ekitaldirako, instituzioetako ordezkariez gain, hainbat mendizale ezagun ere gonbidatu nahi izan zituzten.

Jada denbora dezente darama lanean Emmoa Fundazioak, sorreratik duen helburu berdinean tinko: euskal mendizaletasunaren historia eta ondarea gordetzea, galdu ez dadin eta hurrengo belaunaldiek historia horren berri izan dezaten.

Horretarako espazio fisiko bat ere behar dute noski, eta Antxon Iturrizak berriki Euskadi Irratian aipatzen zuen moduan, «mendiko hizkera hartuta, esan dezagun egoitza hau oinarrizko kanpamentu bezala erabiliko dugula, helburua den gailurra lortzeko abiapuntua». Izan ere, elkarrizketa horretan aurreratzen zuenez, Donostiako Udalak Anoetako estadio eraberrituan kokatu nahiko luke museoa, nahiz eta oraindik ez dagoen ezer itxita.

Gainera, eta "museo" hitzak besterik pentsaraz dezakeen arren, Emmoan argi dute garrantzitsuena ondarea ezagutaraztea dela, eta horretarako leku fisikoa baino garrantzitsuagoa dela eguneroko lan isila.