Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Lau alderdik babestu dute ekologia eta justizia soziala ardatz dituen hautagaitza

Baiona Berdea eta Elkarkidea herritar dinamikak bere «karta» aurkeztu, eta 2020an izanen diren bozetan «hiriburuko udalerako zein Euskal Elkargorako» zerrenda aurkezteko asmoa baieztatu du.

Baiona Berdea eta Elkarkidea (BBE) izena du ekologia eta justizia soziala ardatz nagusitzat hartuta Lapurdiko hiriburuan eratu berri den hautagaitzak.

Herritar dinamikaren gainean lau mugimendu politikok –Euskal Herria Bai, Europa Ekologia-Berdeak, Bayonne Gorriak Insoumis (FI) eta Ensemble– hartu duten konpromisoak ahalbidetu du 2020ko martxoan Ipar Euskal Herriko udalak eta lehen aldiz Euskal Elkargoa berritzeko izanen diren bozetan hautagaitza hori osatzea.

Baiona 2014 dinamikak sustatu zuen «elkarlan giroa» fruituak eman ditu. Orduko bozetan, abertzaleek zerrenda zabala eratzeko dinamika bultzatu zuten, baita akordioa erdietsi ere bigarren bueltan izateko.

Baiona 2014k hautetsi bi lortu zituen eta orduan harturiko bi konpromiso nagusi atxiki ditu. «Biltzar nagusiak hartu ditu erabakiak eta karguak txandakatzeko sistema errespetatu dugu», laburbildu zuen Jean-Claude Iriart hautetsiak.

Halere, hauteskunde berriek asmo berriak eskatzen dituztela sinetsita, iaz geroztik interlokuzio lan zabala eraman du aurrera, Baiona 2020 izenpean.

Hasieratik dinamikaren partaide izan ziren eragileekin mintzatzeaz gain, Bihar Baiona hautagaitzarekin hitz egin zuten. Izan ere, aipaturiko ekimenak uda aurretik bere burua publikoki aurkeztu ondoren, «ezkertiar, abertzale eta ekologisten arteko konbergentzia» egikaritzeko tenorea heldu zen.

Baiona Berdea eta Elkarkidea herritar dinamika bezala aurkeztu zen Antzokiaren ostatuan, alderdietako ordezkariei zein herritar soilei hitza emanez.

Elkarte bat izanik, bere biltzar nagusiari egokituko zaio hauteskunde dinamikari loturiko erabaki garrantzitsuenak hartzea. Hartara, hilaren 26an bilduko da hauteskunde zerrenda osatzeko prozedura abiatuko duen asanblada. Horretarako, hautagaiak proposatzeko epea zabalduko du, eta aurkeztuko direnen artean «adostasunak landu ostean», talde motorrak zerrendaburuak baieztatzeko proposamena eramango du, berriro, biltzar nagusira.

Oinarrizko helburuak

Berrikuntza handia bada lau mugimendu politiko ados jarri izana «bai Baionako udalari begira baita Euskal Elkargoari begira» herritar dinamikatik sortutako ekimena babesteko.

Atzoko prentsaurrekoan adostasun hori islatzen duen eta era berean elkartearen ibilmoldea jasotzen duen «karta» aurkeztu zuten. Ekologia eta justizia soziala herriko etxe zein Euskal Elkargoko jardunetan txertatzea du helburu BBEk. Horrekin batera, beste hainbat lehentasun finkatu ditu, hala nola enplegua, kultura eta euskara, gizon eta emazteen arteko berdintasuna, konponbide prozesua, demokrazia parte-hartzailea edo migranteekiko elkartasuna. Euskal Elkargoa babesten badu ere, geroari begira «estatus bereziko lurralde elkargoa» sortzeko anbizioa jaso du gutun horretan.

Dinamika berriak «koherentzia, gardentasuna eta uste sendoak» jasotzen dituelakoan lotu da BBEra jada Baiona 2014n jardun zuen Daniele sindikalista. Larrialdi klimatikoa eta soziala ikusita, bere bi semeengan pentsatuz, hautagaitza berriarekin engaiamendu politikoa hartu du Bruno hezitzaile gazteak.