GARA
DURANGO

Metalgintzako greba ate joka egonda, patronalaren urratsen zain daude

LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT Durangon elkarretaratu ziren atzo, eta onartu zuten azken negoziazio mahaian keinuren bat espero zutela Bizkaiko patronalaren aldetik, «greba ate joka egonda». Bihar Bilbon, manifestazioa; eta astelehenean, hurrengo bilera.

Hitzarmen duin bat lortzeko borrokan jarraitzen du Bizkaiko metalgintza sektoreak, eta bihar Bilbon egingo duten manifestazioaren aurretik, atzo Durangon elkarretaratu ziren, Lakuako hainbat ordezkari eta zenbait enpresatako agintariak han zirela baliatuz. Izan ere, eskualdeko enpresari txiki eta ertainentzako Hazinnova enpresa garapeneko agentzia aurkezteko jardunaldia egin zuen Durangaldeko Enpresarien Elkarteak.

Egoitzatik hurbil –Landakon– mobilizatu ziren LAB, ELA, CCOO, UGT, ESK, CGT, USO eta CNT sindikatuetako ordezkariak eta horren harira, ohar bateratu bat idatzi zuten. Bertan onartzen dute azken negoziazio mahaian Bizkaiko Metalgintzako Enpresen Federazioak (FVEM) aurrerapausoren bat aurkeztuko zuela espero zutela, «astebeteko greba ate joka dugulako».

Irailaren 30etik urriaren 4ra bitarteko greba deialdiak tinko jarraitzen duela jakinarazi zuten sindikatuek asteazkenean, negoziazio mahaia akordiorik gabe bukatu ostean. «Patronalaren arduragabekeriaren enegarren erakustaldia» izan zela jaso zuten ohar bateratuan, eta ohartarazi zuten azken greba deialditik jada «distentsioko» hiru hilabete igaro direla: «Denbora soberan egon da akordioetara iristeko».

Hurrengo bilera irailaren 23an finkatu dute eta, nabarmendu zuten, egoera aldatu ezean, patronala bera dela greba egitera behartzen dituena.

Sindikatuen esanetan, patronalak irailaren 10eko «eskaintza berari» eutsi zion asteazkeneko proposamenean. «Hitzarmenaren iraupena hiru urtekoa izatea, nahikoak ez diren soldata igoerak, malgutasun gehiago, inongo mugarik ez kontratazio ebentual zein ETTei [ABLE] dagokienez, azpikontratazioen mugez edo hauen subrogazioaz ezer jaso gabe...», zerrendatu zuten. «Azken finean, betiko leloa», kexatu ziren sindikatuak.

Bihar 12.00etan Bilbon manifestatuko dira.