Asier AIESTARAN
Txirrindularitza

Aukera polita Lourdes Oyarbiderentzat

Erlojupeko proban munduko espezialista handienei aurre egiten saiatuko da txirrindulari arabarra.

Munduko Txirrindularitza Txapelketek aurreneko egun handia izango dute gaur Yorkshire-n, emakumezkoen elite mailako erlojupeko proba jokatuko baita bertan. Parte hartzaileen artean Lourdes Oyarbide arabarra izango da eta, zaila dela ederki asko jakin arren, tropeleko espezialista handienei aurre egiten saiatuko da 32 kilometroko ibilbide bihurri eta teknikoan.

«Erlojupeko hau ongi prestatzeko aukera izan dut. Azken asteotan lan handia egin dut etxean erlojupeko bizikletarekin eta gogotsu nago, animatuta. Guztira hiru probatan hartu behar dut parte, igandeko erlojupeko mistoan eta datorren larunbateko iraupen proban, eta lan ona egin nahiko nuke. Denboraldia polita izan da niretzat eta aho-zapore onarekin amaitu nahiko nuke», aipatu du Oyarbidek egunotako hitzorduei buruz.

Erlojupekoa irabazteko faboritoen artean, berriz ere holandarrak aipatu behar dira. Annemiek Van Vleuten hirugarren urtez jarraian urrea irabazten saiatuko da, eta bera izango da faborito nagusia. Anna van der Breggen bigarren izan da aurreko bi urteetan, eta badirudi aurten ere ez duela erraza izango bere selekziokideari aurrea hartzea. Eta iaz Innsbrucken Ellen van Dijk izan zen podium erabat holandarra osatu zuena.

Selekzio laranjatik harago, begiradak Chloe Dygart estatubatuar gazteari zuzenduta daude. 22 urte besterik ez ditu, eta lesio larri batek geldi eduki zuen denbora luzez, baina Coloradon sekulako erakustaldiak emanda iritsiko da gaurko probara.

Azparren eta Elosegi

Gaurko beste hitzordua gizonezkoen 23 urtez azpikoen erlojupekoa izango da, eta hor bi euskaldun izango ditugu lehian: Xabier Mikel Azparren eta Iñigo Elosegi. «Denboraldiko egunik garrantzitsuena da. Valentziako Itzulian datu onak eman nituen, Espainiako Pista Txapelketan gorputzari azken astindua eman nion, eta pozik geratu nintzen egindako lanarekin», adierazi zuen Azparrenek, esaterako.

Atzo junior mailako erlojupekoen txanda izan zen, eta irabazleak Antonio Tiberi italiarra eta Aigul Gareeva errusiarra izan ziren.