06/10/2019

Reportaje
 
HAZIAREN JABETZAREKIN LORTZEN DA BURUJABETZA

Hazitik eraikitzen da bizia. Horren jabetzarik ezean «ezin da eraiki sistema berria». Horra, Alekaren sortzaile Miguel Arribasen iritzia. Karabeleko, Kimu1, Hazizaleak eta Biolurri esker sortu da hazi agroekologikoen “bankua”, multinazionalen alternatiba.

Ane URKIRI ANSOLA
1005_eko_aleka3

FAO Nazio Batuen Elikadura eta Nekazaritza Erakundearen datuen arabera, hazi barietate desberdinen %80 galdu dira eta homogeneotasuna ardatz duten haziekin lan egitera ohitu gaituzte multinazional handiek. «Aldaketara egokitzen diren haziak, bertako barietatekoak landu nahi ditugu», adierazi du Aleka Bioaniztasun Elkartearen sortzaile Miguel Arribasek, “Kelo” ezizenez ezaguna den madrildarrak.

Hasi dira dagoeneko duela bi urte abiatu zuten proiektuaren aurreneko emaitzak jasotzen. Hasi dira haziak merkaturatzen, alajaina. Barazki bakoitzak bere denbora, bere garaia eta bere trataera du. Esaterako, tipulen hazia lortzeko, gutxi gorabehera, bi urteko prozesua bete behar dela azaldu digu. «Abuztuan atera genuen tipula hau eta berriro landatuko dugu martxoan, hurrengo urteko abuztuan honen hazia lortzeko». Normalean barazki bakoitzaren zikloa bikoiztean eskuratu daiteke hazia.

Prozesu hori baserritar askorentzat jakina da, edo ortuan lan egiten dutenentzat. Multinazional handien nagusitasunarekin, baina, etxeko lan hori galtzen joan da, hein handi batean, behartuta. Izan ere, enpresa handi horiek haziak patentatu egin dituzte eta horien baimenik gabe, modu indibidualean ez bada, ezinezkoa da hauekin lanik egitea.

«Ondare genetikoa galdu da eta jendea ez da kezkatzen», azpimarratu du Kelok. Tolosako babarrunen edo Gernika eta Ibarrako piperren haziak dira, besteak beste, ederki babestu direnetako batzuk, komertzialki ere interes handia izan dutelako, eta Alekako sortzaileari ondo iruditzen zaio. Era berean, nabarmendu du Alekak legalki hazien ekoizle eta bikoiztaile gisa funtziona dezan asko borrokatu behar izan zuela Europako legedira moldatzeko. Legeak dituen mugen jakitun dira eta badakite noraino heldu daitezkeen; beraz, «gure aktibitatea, bere dimentsio osoan, ez da errekonozitua izango». Dena den, txikitasunetik aurrerapausoak eman nahi dituzte.

«Gipuzkoan era ekologikoan lantzen diren azenario, tipulin, espinaka eta azen ia %100 aldaera hibridoak dira. Gipuzkoako lursail ekologiko gehienek erabili ohi dute Monsantok ekoiztutako Jack F1 tomatea». Hazizaleak Landatutako Bioaniztasunaren aldeko Elkarteak Gipuzkoako Aldundiarekin batera landutako txostenean jasotako datuak dira, baina Biolurreko teknikari Leire Ibarretxek GARAri zehaztu dionez, ez da hori guztiz errealitatea gure baratzetan, «azakien kasuan izan ezik, badaudelako linea puru eta ekologikoak».

Egun, gero eta jende gehiagok begiratzen dio ekologikoaren etiketari, baina kontuan hartuta laborantza estentsiboan erabiltzen diren hazien %60 hiru enpresaren eskuetan zegoela 2013ko datuei erreparatuta, eta iaz Monsantok Bayer erosi zuela aintzat hartuta, zaila da jakitea zer den guztiz ekologikoa; izan ere, ekologikoaren etiketak pestizidarik ez dela erabili soilik adierazten du eta hazi transgenikoen ehuneko zehatz bat erabiltzea ere baimentzen du. Enpresa handi hauek (Monsanto, DuPont edo Singenta) agrokimikoen salmentekin egin dira ezagunak.

Hobekuntza genetikoa maila gorenera eramatea izan dute horiek helburu, etekinak bikoizteko asmoz. Horretarako hibridoak sortu dituzte, homogeneoak, hainbat barietate bazterrean utziz. Baserritar profesionalentzat ere errentagarriago bilakatu dira. «Monsantoren Jack tomateak bertako barietatekoen ekoizpena bikoizten du», esan du Ibarretxek. Biolurrekin batera, Karabeleko, Kimu1 eta Hazizaleak elkarteek hartu dute parte proiektu hau sortzen.

«Haziak babestu» egin dituzte, «praktikoki Monsantok berak emandako lege baten bitartez». Izenen jabetza beren gain hartu dute eta Aretxabaletako tomatearen hazia ezin daiteke deklaratu Madrilen –hilabetero laboreen deklarazioa egin behar da– “Borracho de Aretxabaleta” deitu ezean; hau da, Europako erregistroan agertzen den gisara, zehatz-mehatz.

Pertsonaletik kolektibizatzera

Instituzioen joera herriaren ondarea museoan sartzea zela igarri zuen Kelok, eta hazien kasuan –beste hainbat arlotako ondareekin pasatzen den bezala– hori alferrikakoa zela iruditu zitzaion. «Baserritarrei beste bizimodu bat eraikitzeko aukera eman nahi diegu», nabarmendu du, prozesu osoan koherentzia bat mantenduz. Horretarako, baina, baserritarrentzat ere ekonomikoki interesgarria izan daitekeen produktua ere izan behar da Alekarena, nahikoa lan baitute, bestela ere, errentagarritasuna ateratzen.

Eszeptizismo apur batekin hartu zuten baserritar profesionalek, baina gutxika-gutxika sare bat osatzen ari omen dira. Nafarroako hazien sarearekin eta Iparraldekoekin harreman zuzena izan dute. Guztia legalki egiteko asmo horretan, ikuskatzaileen bisitak ere jasotzen dituzte; «oso zorrotzak dira, gainera».

Mintegiak egin dituzte, azoketan ere hasiak dira saltzen. Ehun barietate dituzte, bereziak batzuk, baina gehienak komertzialak ere bai. Azken finean, ezin dituzte ahaztu hemengo baserritarrek erabiltzen dituzten eta kontsumitzaileen artean harrera ona duten produktuak.

Letxuga, pepino, brokoli eta tipula hazien biltegia dirudi Beizamako Leunda Berri baserriaren goiko solairuak. Bertan idortzen dauzkate, ondoren poltsatxoetan gordetzeko. Prozesu osoa eskuz egiten dute. Makinatxo bat ere badute bihitzeko, eta honekin egitea ere gogotik kostatu zaie. Artisau batek eraiki die, «merkatuan saltzen diren materialak industria handientzako pentsatuak baitaude; ez dago hazien ekoizpen txikietara egokitzen den materialik». Honek ere zer pentsatua ematen du. Izan ere, Europak zehazten duen legediak ere ez ditu baimentzen ekoizle txikien proiektuak, eta Kelok hasieratik nahi zuen «kolektibizatuko zen zerbait, esperientzia pertsonaletik harago doana, hazien banku agroekologikoa». Ibarretxek zehazten du administrazio publikoaren legediak haziak ekoizteko baimena ematen dizutela 20 tona barazki hazi eta 200 tona lekale hazi prozesatzeko makineria eta instalazioak baldin badituzu: «Badakizu zenbat den hori?».

Elkarlanari esker, aldiz, posible izan da Alekak bere makina propioa edukitzea eta elkarte gisa –irabazi asmorik gabea– argia ikustea. «Hemen erronka handia izan da haziak ekoiztea», aitortu du Biolurrekoak. Hamaika baserritarrek osatzen dute sarea, «Alekaren babes sarea», elkartearen haziekin komertzializatu dezaketen baserritar ekologikoak. Miguel Arribasek eskarmentu handia du baratzezain gisa; 2002an hasi zen Madrilen eta duela 10 urte iritsi zen Euskal Herrira. Uztaro proiektuan ere murgildu zen eta hori erortzean bururatu zitzaion hazien arloan buru-belarri sartzea. «Barazkiak ekoizten zituen, ondoren saltzeko, baina azken urteetan landatutako barazkiekin haziak lortzen hasia zen», kontatu du berarekin elkarlanean aritu den Ibarretxek.

Teknikariaren hitzetan, «hazia eta lurra dira bizitza honen oinarria», eta horregatik goraipatzen du Aleka, Jack tomatea landatzeak «min» ematen dien baserritar horiei eskaintza agroekologikoa ematen saiatzeagatik. «Kontsekuenteak izateko, bertara egokitutako barazki barietate iraunkorrak sortzeko eta, hala, biodibertsitatea berreskuratzeko lan egiteagatik».

Irabazi asmorik gabeko elkartea da, dibulgazioan lan egingo duelako eta, batez ere, Ibarretxek aipatu bezala, biodibertsitatea berreskuratzea duelako helburu. Orain, komerzializatze fasean daude: «Eskuragarri jarri behar ditugu, lan handia dugu egiteko. Mintegi ekologikoetara ere joan behar dugu, hauek Alekaren aldeko apustua egin dezaten...».

Momentuz, erosleekin hartu-emana izan dute azoketan; Ibarretxe bera ere egon da, eta «zalantzarik gabe, tomateak dira baserritar zein baratzezainen kuttunenak».

 

Euskal Herriko tokiko barietateen erregistro partekatuaREN EGITURA

Marc Badal-ek, Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, sortu zuen “Hazien pribatizazioa” txostena 2016an eta bertan azaltzen du hazien ekoizpenak eta jabetzak mundu osoan izan duen bilakaera; Gipuzkoara ere hurbiltzen du egoera eta, azkenik, hazien sare eta ezagutza agroekologikoaren eraikuntza kolektiboaren kapitulua irakur daiteke.

Euskal Herriko tokiko barietateen erregistro partekatuaz mintzo da bertan. Biolurreko teknikari Leire Ibarretxek zehaztu zuen dagoeneko multinazionalek erregistratu ez dituzten barietate gutxi daudela eta prozesua bera oso nekeza dela. Hala ere, Euskal Herriko Hazien Sareak tokiko aldaeren lehenengo erregistro partekatua egin zuen 2010ean. «Jarduera horren bitartez jendaurrean aurkezten dira aldaera baten ezaugarri agronomikoak eta organoleptikoak, haren aplikazioak eta erabilerak, ohiko erabilera agronomikoa eta aldaera horrekin lotutako informazio kultural guztia», azaldu du.

Hegoalde Globalean oso ohikoa den aktibitatea izanik ere, Europan lehendabiziko aldiz egin zen. Geroztik, lau aldiz egin da eta aldaera hauek erregistratu dira: tomate punta luze arrosa, Durangoko porrua, Erandioko tomatea, Astigarribiako baba, Sabandoko gari gorria, Aretxabaletako tomate morea, Bost Kantoi sagarra, errezil sagarra eta Arabako sagar-udarea.

«Nekazari-herrien ahaleginari esker gordetako ondare biokulturalaren aldarrikapen funtzioa betetzen dute», azpimarratu du.A.U.A.

14.503 milioi > DuPont-Dowk 18.594 milioi euro fakturatu zituen 2014an; %77 agrokimikoen irabaziekin. Syngenta, hirugarren hazi- ekoizlea, nagusi da agrokimikoetan (14.602 milioi euro).