Mikel Aramendi
Kazetaria
JOPUNTUA

Erlojuari begira

Urtarrilean tokatuko da Doomsday Clock erloju fatidikoa eguneratzea; baina hari begira jarrita nago jada. Egia esan, oso tarte estuan jokatu beharko du Munduaren Akaberako Erlojua maneiatzen duen zientzialari-panelak: 2018an 23:58ra eraman zuenetik, bi minutu ziztrin besterik ez dituzte alarma gorriagotzeko...

Zalantzarik ez baitago: aldaketaren bat egitekotan, larritze aldera izango da, ez lasaitze aldera. Arrisku nuklearraz gain klima-aldaketaren aldagaia ere kontuan hartzen hasi zirenetik, hori izan da joera. Eta atal horretan ikusten ari garena ezbairik gabekoa da.

Baina, halaber, adierazgarria izango da panelak urriaren lehen astean ikusitakoaz egin dezakeen hausnarketa. Gutxienez, gauza larriak ikusi direlako.

Erlojuan bete-beteko eragina eduki behar du, noski, urriaren 1ean Pekineko Chang'an hiribidean milimetrikoki lerrokatuta joan ziren 16 DF-41 misil interkontinental horienak. Zegozkien buru termonuklearrak ipinita bazeramatzaten (espero dezagun ezetz), inoiz inon batu den suntsipen-ahalmenik handiena litzateke, ia ziurtasun osoz. Batek daki zenbat megatoi egon zitezkeen han. Eta geratu ziren atzean.

Baina arazoaren kea besterik ez da hori. Eta ditxosozko desfilea zelatatzen aritu diren begi adituek atera duten ondorioa –«Txinak osatu du triada nuklearra: ICBMak, SLBMak eta bonbaketari estrategikoak»– baino harago doala esango nuke. MAD-3 izango litzateke arazoa, labur esanda.

1962an kodetu zenetik, MAD-Mutual Assured Destruction da «disuasio» nuklearraren kontzeptu erabakigarria. Lehen erasoa nornahik eginda ere, aurkariek elkar erabat suntsitzeko adinako baliabideak, antolamendua eta deliberoa dituztenean esaten da. Biren artekoa izan zen Gerra Hotzak iraun zuen artean; eta jarraitu du izaten hein batean geroztik ere. Orain, argi dago hiruren arteko kontua dela.

Iraganean bezala funtzionatuko al du, hau da, terrorearen berdinketa ezartze aldera? Edo hirugarrenaren aurka bi ados jartzera bultza ditzake? Eta zer gertatuko da hiru baino gehiago izaten badira? Noraino joan daiteke zoramen hori guztia?

Quo usque tandem...?