Amaia U. LASAGABASTER
Futbola

Futbolari ezin agur esan, eta nahi ere ez

Iaz lesio larria sufritu ondoren, Ane Bergara Mariñoko kadeteak entrenatzen ari da.

Realak eta Athleticek igandean jokatuko duten derbiak aitzakia ezin hobea eskaintzen du Ane Bergararekin hitz egiteko, kamiseta zuri-urdina eta zuri-gorria jantzi baititu bere ibilbide luzean. Baita Gure Txokoa, Lagunak, Espanyol, Bartzelona eta Mariño taldeetakoak ere.

Iruneko taldea aukeratu zuen orain dela urtebete, Athleticekin kontratua deuseztatzeko akordiora iritsi ondoren, futbol profesionaletik urrundu arren bere pasioa izaten jarraitzen duenari eusteko. «Futbola beste modu batean disfrutatu nahi nuen –aitortu du–. Asko disfrutatu dut urte hauetan, profesionala izateko zortea izan dut eta futbola izugarri gustatzen zait. Baina eliteak dakarren diziplina, exijentzia... pixka bat moteldu nahi nuen. Nire lehengusua Mariñon zegoen eta oso aukera polita zela pentsatu nuen».

Abentura, zoritxarrez, berehala amaitu zen, denboraldia hasi bezain laster Akilesen tendoia hautsi baitzuen atzelariak. Kirolari guztiei beldur handiena ematen dien amaiera... amaiera izan baldin bada. Hamabi hilabete beranduago, Bergara guztiz errekuperatuta dago. Eta ezin ditu hankak geldirik eduki baloia albotik pasatzen zaionean. Maiz gertatzen da, Mariñoko kadeteak entrenatzen baititu. Horrek asebetetzen du. Oraingoz bai, behintzat. «Ebakuntzaren eta errehabilitazioaren ondoren, nahi nuen bakarra sentsazioak berreskuratzea zen. Lagunek esaten badidate goazen jokatzera, neure burua gai ikustea. Orain entrenatzaile moduan oso gustura nago eta momentuz ez dut ‘harra’ nabaritu. Entrenamenduetan neskekin korrika egiten dut, ostikoak ematen dizkiot baloiari...». Botak berriro janztea guztiz baztertzen ez badu ere, «pozik» dago aspalditik landu duen bizimodu honekin.

«Futbola lanbide bilakatu ahal izateko zortea izan dut, baina beti argi eduki dut behin-behinekoa zela eta etorkizunerako prestatu behar nintzela». Irakasletza eta Soin Heziketako ikasketak egin zituen jokalari izan zen bitartean, eta orain etorkizun horren lehen urratsak egiten ari da. Berako Ikastolan dihardu, «etxe bueltan aspaldiko partez» eta horrekin ere «poz-pozik» dago.

Ez daki, halere, zein izango den hurrengo urratsa. «Ez dizkiot ateak ezeri ixten». Irakasletza oso gustuko du, baina futbola... futbola da. Eta Mariñori baiezkoa ematea «pixka bat kostatu» zitzaion arren, beratarrak asko disfrutatzen du aulkian. Bertan jarraitzeko formakuntza badauka –aspaldi atera zuen entrenatzaile karneta– eta esperientziak emandako ezagutza ere bai. Orain gaztetxoei helarazi behar. «Esperientzia, tituluek... asko ematen dute. Baina porrotak eta jokatu gabeko minutuak dira maisu onenak. Oso karrera pozgarria izan dudan arren, halako uneak ere tokatu zaizkit eta asko ikasi dut. Gaztetxoentzat zaila da hori ulertzea baina saiatzen naiz erakusten, bestela ezin baita futbola bere osotasunean ezagutu».

Faboritorik ez Anoetako derbian

Anoetan lehen aldiz jokatu zen derbia harmailetatik ikusi behar izan zuen, Athleticen deialditik kanpo geratu baitzen. Igandean errepikatzea gustatuko litzaioke, oraingoan jarraitzaile bezala. Galdetu beharrik ere ez dago zein bufanda eramango duen, beti aitortu baitu Reala izan dela bere taldea txikitatik. Baina ez horrek eta ez talde biak gauzatzen ari diren denboraldi hasierak ez dute itsutzen: igandean «ez dago faborito argirik».

Realak «oso talde polita, gaztea, ilusioz betea dauka», azpimarratu du. «Lan polita egiten ari da. Kopako bultzada aprobetxatuz, proiektu polit eta sendoa dutela ematen du. Eta gainera oso ondo ekin diote denboraldiari, ondo jokatuz eta emaitza onak lortuz». Athletic, berriz, iazko hasiera kaxkarra errepikatzen ari da, «baina beti-beti kontuan hartzeko taldea da. Oso jokalari onak dauzka eta beti izan duen lehiatzeko gaitasuna ez da egun batetik bestera galtzen».

Bergarak, beraz, ez du zirt edo zart egin nahi. «Ez nuke inoren aldeko apusturik egingo! Topikoa dirudi baina derbiak derbiak dira, oso lehiatuak eta intentsoak. Edozer gauza gerta daiteke». Gauza ziur bakarra «giroa» da. «Zorionez, gero eta jende gehiagok bultzatzen du futbola. Igandean ere nabarituko da». A.U.L.

Laburrean

Derbia. Nazioarteko etenaren ondoren, Lehen Maila asteburuan itzuliko da. Partida nagusia, Realak eta Athleticek igandean Anoetan (16.00) jokatuko duten derbia.

Nahikari. Espainiako selekzioaren kontzentrazioa utzi behar izan zuen aurrelariak, 3. jardunaldian eskuin oinean jasotako kolpearen ondorioak ez zaizkiolako oraindik ondo sendatu. Jorge Vildak, berriz, haren taldekide Barbara Latorre deitu zuen Txekiaren kontrako partida jokatzeko.

Proposamena. Realsocialismo Realeko zale eta akziodunen taldeak hainbat proposamen helarazi dio klubari, emakumeen taldearekin lotutako hainbat arlo (irisgarritasuna, segurtasuna, marketina, besteak beste) aztertuz eta hobetzeko asmoz.

Lesioak. Izugarrizko zorte txarra izan du Alavesek. Emma Martin eta Ainhoa Lopez jokalariek, hain zuzen ere, biek apurtu baitzuten aurreko lotailu gurutzatua Eibarren aurkako derbian.

Libertadores. Arriskuan dago Copa Libertadoresen edizioa, Ekuadorren izaten ari diren istilu larriengatik. Ostiralean hasi beharko litzateke, Quiton, lehen aldiz hamasei talde parte-hartzaile izango dituen txapelketa.

Atletico. Madrilgo hainbat komunikabidek aurreratu dutenez, Jose Luis Sanchez Verak aulkia utzi nahi duela jakinarazi dio Atleticori, arazo pertsonalengatik. Azken bi Ligak irabazi dituen entrenatzaileak klubean jarraituko luke.

Afrika. Hegoafrikari gertatu zitzaion bezala, Nigeria ere Olinpiar Jokoetarako bidetik kanpo geratu da, Boli Kostaren aurkako kanporaketa galdu ondoren. Kamerun da Tokion parte hartzeko aukerak dituen eta lehendik Munduko Txapelketan izana den talde afrikar bakarra.

Agurra. Victory Tourreko azken partidarekin (AEB 1-Hego Korea 1) eman zion agurra Jill Ellisek AEBetako aulkiari. Bi Munduko Txapelketa, 132 partida eta 106 garaipenekin amaitu du entrenatzaileak bere aro arrakastatsua.