Nerea GOTI
DURANGO

Durangoko jaietako txupinazoak pentsio publiko duinen eskaera dakar

Pentsio publiko duinen aldarrikapenarekin helduko da gaur iluntzean «Gora sanfaustoak!» oihua. Durangoko erretiratu eta pentsiodunen plataformako ordezkariek jaurtiko dute udaletxetik, 20.00etan.

Durangoko erretiratu eta pentsiodunen plataformako lagunak izango dira aurtengo jaietako protagonista nagusiak. Hogei hilabete eman dituzte herriko beteranoek astelehenero udaletxe aurrean elkarretaratzea egiten. Bizkaiko pentsiodunen kolektiboen batzarretan ere aktiboki parte hartzen dute, eta ez dira nekatzen, eskatzen duten hori justiziazko eskaera bat dela uste baitute, orainari eta geroari begira. Horregatik, borrokan jarraitzeko asmoa erakusten dute aniztasunetik adostutako mezua zabalduz: pentsio publiko eta duinak bermatzea. Gaurko lehenengo «Gora sanfaustoak!» beraientzat da.

Ez dute kolektibo barrura begiratzen soilik, eta 1.200 euroko gutxieneko soldata ezartzea eskatzen dute, nabarmentzen dutenez, «soldata nahikorik gabe» ezinezkoa delako etorkizunean pentsio duinak izatea. Eta hitzak ez dira nahikoa, hori legeak bermatzea nahi dute.

Gaur borroka horrekin bat egiten duten ehunka herritarren aurrera itzuliko dira, herriko jaiei harrera egiteko.

Kalean bizirik mantentzen dituzten aldarrikapen horiekin igoko dira balkoira Carlota Grande, Pilar Txintxurreta eta Matias Oregi Durangoko erretiratu eta pentsiodunen plataformako kideak.

Oregik GARAri azaldu dionez, «izugarri» eskertzen dute pregoilari izateko proposatuak eta hautatuak izatea. «Honek bultzada ematen dio gure mugimenduari aurrera jarraitzeko, eta gure aldarrikapenen eta borrokaren aitorpen handi bat ere bada», adierazi du.

Eraso sexisten aurkako mezua

Pregoia irakurri aurretik udaletxean izan ohi den harrera ekitaldian izango dira pentsiodunen plataformako ordezkari batzuk. Gero, balkoian, arestian aipatutako hiru ordezkariak izango dira, pregoia euskaraz eta gazteleraz irakurtzeko, eta jaien hasiera iragarriko duen suziria pizteko.

Udaletxe plazan 20.00etatik aurrera durangarrei helarazi nahi dieten mezuari buruz, pentsio publiko eta duinen aldarrikapena egingo dutela iragarri du Matias Oregik, baina ez dela hori mezu bakarra izango. Herritarrei esker ona agertu nahi diete eta kalean borrokan jarraitzeko konpromisoa dutela.

Hainbatetan gertatu bezala, pentsiodunen borroka inguruko beste errealitate batzuen ahotsa ere izango da. Hala, gizartean dauden beste borroka batzuk ere gogoraraziko dituzte mezuan, Oregik esan duenez. Genero arrakalari eta pobreziari aurre egitearen aldeko hitzak ere jaurtiko dituztela iragarri du, baita indarkeria sexistaren kontrakoak ere.