N. G.
DURANGO

Musikarik gabeko saioa barraketan eta sarrerak alderdiei barik beharra dutenei banatuko zaizkie

Berrikuntzekin datoz jaiak. Urriaren 17an, arratsaldean ez dute musikarik jarriko barraketan, autismoa duten umeen beharrizanak kontuan hartuz. Horrez gain, doako sarrerak alderdi politikoen artean banatu beharrean gizarte ekintzetara bideratuko dira. Irisgarritasuna hobetzeko neurriak ere hartu dituzte eta garbiketa areagotuko dute.

Durangon prest dute dena, gaur iluntzean Patxikotxuri harrera egiteko. Eragile bakoitzak bere eremuko ekarpenak prestatzen dituen bitartean, udal gobernu talde berriak zenbait aldaketaren berri eman du. Berrikuntza nagusiak autismoa edota mugikortasun arazoak dituzten herritarrei begirakoak dira, baina txupinazoan egiten den harrera ofizialean bertan ere aldaketak egin dituzte; horren gastua murriztu dute eta kale garbiketa areagotuko dute. Herria txukuntzeko baliabideak handitu eta egunero garbiketa berezia egingo dela iragarri dute.

Aurtengo jaietako planteamendu orokorra ekainerako egina bazegoen ere –orduan osatu baitzen udalbatza berria–, udal agintariek «zenbait eremutan eragiteko aukera» izan dute. «Ildo horretan, zenbait arazo dituztenei laguntzeko lehen neurri batzuk» hartu dituztela jakinarazi dute.

Neurri berri horien artean, barraketan izango da nagusietako bat. Izan ere, datorren ostegunean, 16.30etik 21.00etara barraketan ez da musikarik egongo, «autismoa duten umeak ere bertara joan ahal izan daitezen inolako eragozpenik izan gabe».

Barraketatik irten gabe, orain arte alderdi politikoek jasotzen zituzten barraketarako doako sarrerak; aurten, ordea, «zuzenean Gizarte Ekintzetara bidaliko ditu gobernu taldeak, behar gehien dituztenek goza ditzaten».

Era berean, Durangoko Udalak mugikortasun arazoak dituzten pertsonen errealitatean jarri du arreta, eta horien erabilerari begirako guneak egokituko dira ekitaldi batzuetan. Asmoa da irisgarritasun arloan aurrepausoak ematea eta «denborarekin pertsona horiek sanfaustoetako ekitaldi guztietan parte hartu ahal izatea».

Iragarri dutenez, eginikoa nahikoa ez dela jakinda, «dagoeneko hurrengo sanfaustoetan eskaintza areagotzeko» neurriak martxan daude. Ima Garrastatxu alkateak eta Julian Rios alkateordeak aurreratu dutenez, Andra Marin egingo diren ekitaldietan gune berezi bat atonduko da, eta Artopillen banaketan ere erraztasunak jarriko zaizkie irisgarritasun arazoak dituztenei.

Zabalarra eskola eta Ernai

Aurtengo sanfaustoetan, pentsiodunekin batera, Zabalarra eskolako komunitateari egokitu zaio jaietako betebehar nagusietako bat, Txupinazo Txikia jaurti behar baitute June Leturiaga eta Luken Totorikaguena 6. mailako ikasleek eskolaren izenean. Bihar, 12.00etan dute hitzordu handia Udaletxeko plazan.

Gaurko arratsaldera itzulita, giroak eztanda egin orduko txosnen irekiera izango da. Kalejira bat hurbilduko da txosnagunera, eta bertan gazte mugimendua izango da protagonista, Ernaik piztuko baitu suziria txosnagunean.

Gaueko hasierako orduak musikaz gainezka datoz. Andra Marin, Ghost Number&His Tipsy Gypsises taldeak 1920ko hamarkadako New Orleanseko giroa ekarriko du; alde zaharrean, Rockalean ibiliko da bazterrak dantzan jartzen, eta 22.30ean txosnetan, Desorden, Tribade eta Adrenalized.

Txosna Batzordeak antolatuta, Durangoko Autodefentsa Feminista Asanbladak manifestazioa egingo du 23.30ean, Andra Marin hasita.