HEGOI BELATEGI
DONOSTIA
Entrevista
URTZI ODRIOZOLA
GAME ERAUNTSIA ELKARTEKO SORTZAILEETAKO BAT

«Bideo jokoek geroz eta pisu gehiago izango dute gure aisialdi ohituretan»

Bideo joko zale euskaldunei euskarazko komunitate birtual bat eskaintzeko jaio zen Game Erauntsia. Araban bizi den programatzaile zarauztarrak nabarmendu bezala, euskara sustatzeko jaio ziren, eta, horregatik, zentzugabetzat dute «guk hitzaldi bat euskaraz ematea, gero ekitaldiaren marketin eta komunikazio osoa gaztelania hutsean bada». Hainbat gonbidapeni ezezkoa ematera eraman ditu horrek.

Bideo jokoak gustuko ditu Urtzi Odriozolak (Zarautz, 1986) eta lasai asko dio. Programatzailea da, Laudion bizi da egun eta Game Erauntsia elkartearen sortzaileetako bat da, gamer euskaldunak biltzen dituen elkarte bakarra. Kide gehienentzat ongi pasatzeko topalekua da Game Erauntsia, Odriozolarentzat, ordea, militantziarako tresna ere bada. Bideo-jokoetan aritzen dira, baina betiere euskara beste edozein hizkuntzaren maila berean jarrita.

Game Erauntsia 2014. urtean jaio zen, hementxe bertan, Zarauzko hondartzaren parean, trago batzuen inguruan. Zergatik sortu zenuten?

Funtsean bideo jokoen zale euskaldunei gune euskaldun bat eskaintzeko. Game play ala bideo joko iruzkinduak egiten zituen taldekide ohi batek gamer euskaldunentzako komunitate bat sortzea proposatu zidan. Informatikaria naiz, eta ordurako webguneak sortu eta kudeatzeko gai nintzen. Bideo jokoez euskaraz gozatzeko aukerak asko erakarri ninduen eta horrelaxe jaio zen Game Erauntsia.

Nondik dator izena?

Game “jokoa” da ingelesez eta horri erauntsia gehitu genion, zaparrada. Game Erauntsia beraz, “joko zaparrada” da.

Hiru pertsonak hasi zenuten ibilbidea, zenbat kide zarete egun?

Hamar bat antolatzaile gara. Webgunean, bestalde, 400 pertsona baino gehiago daude izena emanda, baina denak ez dira era berean sartzen, ezta maiztasun berdinarekin ere.

Eta zein da batez besteko adina?

30 urte ingurukoa.

Zein da Game Erauntsiko kide izateko baldintza?

Elkartea sortzerakoan, bi oinarri argi ezarri genituen, bideo jokoez euskaraz gozatzea, eta, ahal den heinean, euskarazko bideo jokoekin aritzea. Aisialdiko beste hainbat esparrutan bezala, bideo jokoetan ere euskara sustatu behar dela uste dugu.

Ez zarete Euskal Herriko «gamer» elkarte bakarra, baina bai euskara sustatzeaz arduratzen den bakarra.

Bai, baina naturaltasunez sortutako zerbait da. Ni euskalduna naiz, beraz, zergatik jolastu beharko dut beste hizkuntza batean?

Euskararen defentsa horrek mesfidantzarik eragin al du beste elkarteetan?

Ez nuke mesfidantza hitza erabiliko, baina batzuentzako oztopo izan daiteke. Hainbatetan euskarari tarte bat egin diotela esateko gonbidatzen gaituzte ekitaldi eta topaketetara, besterik ez. Partxe bat bezala sentitu izan gara. Gure ustez zentzugabea da guk ekitaldi batean hitzaldi bat euskaraz ematea ekitaldiaren marketin eta komunikazio plangintza guztia gaztelania hutsean egin denean. Hasiera batean gure elkartearen berri emateagatik joaten ginen horrelakoetara. Baina azkenaldian hainbat gonbidapeni uko egin diegu.

Kirola edota kultura bezala, bideo jokoak gizartea euskalduntzeko euskarrietako bat izatea nahi duzue?

Bai. Egia esan taldekide gehienak ez dira ohartu ere egiten, baina sortzaileen nahietako bat horixe da eta frogatu dugu bideo jokoen eragina positiboa izan daitekeela. Gure zereginetako bat jokoak euskaratzea da eta igarri dugu nerabeengan eragina duela, terminologia barneratu egiten baitute. Hori oso garrantzitsua da, euskara beste hizkuntzen maila berean jartzen delako. Hortik aurrera, euskaraz naturaltasun osoz hitz egiten dute askok. Pentsa, kide pare bat oso euskara maila apalarekin iritsi ziren eta egun hikaz hitz egiten dute. Parisko kide bat ere badugu Game Erauntsian. Haren bikotekidea Iparraldekoa da eta berarekin ikasi zuen euskaraz. Bideo jokoengatik dator, baina bide batez hizkuntza lantzeko aukera du.

Bideo jokoak euskaratzen dituzuela aipatu duzu, nola egiten duzue?

Software askeko bideo jokoak itzultzea erraza da. Modu desberdinak daude, baina, funtsean, aski da deskargatzea eta moldatzea. Bideo joko pribatuak ere itzuli izan ditugu. Joko baten “motorra” fitxategiz osatuta dago. Hizkuntzak gordetzen dituen fitxategia enkriptatu gabe badago, testuak hartu eta itzuli egin behar dira, besterik ez.

Hori ez al da bide joko pirata bat?

Tira, bideo joko bat erosten dugun unetik, nahi duguna egin dezakegu berarekin. Moldatu ondoren saldu egingo balitz, legez kanpokoa izango litzateke. Guk egindako itzulpenak enpresetara bidali izan ditugu. Hainbat sortzailek ez dute oso begi onez ikusi guk haien produktua ukitzea, baimenik gabe. Gutxi batzuek, ordea, onartu eta euskara hizkuntza katalogoan txertatu dute; “Ark” bideo jokoa da horren adibide.

Aurreiritzi asko daude «gamer»-ekiko?

Jende gehienak ez du bere burua bideo joko zaletzat hartzen, baina gero askok egunero jolasten dute partidatxoa mugikorrean lanerako bidean. Beste askok sare sozialek eskaintzen dituzten jokoak gustuko dituzte. Horiek ere bideo jokoak dira. Haiek ere, badira gamer-ak nolabait. Uste baino jende gehiagok jolasten du. Are gehiago, nik esango nuke emakume askok jolasten dutela bideo jokoetan, nahiz eta pertzepzioa kontrakoa izan. Beste kontu bat da zertara jokatzen duten eta nola.

Eta zer-nolako presentzia dute emakumeek Game Erauntsian?

Kopuruari dagokionez, Game Erauntsia ez da batere parekidea. Emakumeak badaude, baina gutxiengoa dira. Sustatzaile eta antolatzaileen artean ez dago bakar bat ere ez. Neska gamer gehiagok gure elkartearekin bat egitea nahi dugu, baina ez dugu lortu. Antolatu ditugun zenbait ekitalditara etorri izan dira neskak, Donostian antolatu genuen Pokemon Go hitzordura adibidez. Baina gehienek ez dute azken pausua eman. Gaur-gaurkoz mutilak gehiengo nabarmena gara.

Zergatik uste duzu ez dutela ematen azken pauso hori?

Bideo jokoak gizartearen isla dira. Orain arte gehienak gizonei zuzendutakoak izan dira. Zorionez, geroz eta emakume gehiago egiten dute lan programazio eta diseinuan eta haien ikuspegia txertatu dute. Horri esker bestelako bideo jokoak plazaratzen hasi dira. Eskaintza geroz eta zabalagoa da.

Oraindik ere bideo jokoek irudi txarra dutela uste duzu?

Ezagutzen ez dena kritikatzea erraza da. Askotan biolentziarekin lotzen dituzte. Ameriketako Estatu Batuetan tiroketa bat gertatzen den bakoitzean, beti ateratzen da bideo jokoen gaia. Esan bezala, bideo jokoen gai katalogoa geroz eta zabalagoa da, eta badira gizartean eragin positiboa izan dezaketen asko. Dena dela, kontsumitzaileok ere arduratsuak izan behar dugu, bereziki gazteekiko, izan ere, filmekin ez bezala, jende askok ez dio jaramonik egiten jokoak adierazitako gutxieneko adinari. Bideo jokoek geroz eta pisu gehiago izango dute gure aisialdi ohituretan. Errealitate hori errotu ahala, jendearen jarrera aldatu egingo da, ziur naiz.