GARA
EMAKUMEAK

Maila oneko partidekin hasi da Lau eta Erdiko Master Cup lehiaketa

Partaidetzaren errekorra izan da, beharbada, Lau eta Erdiko Laboral Kutxa Emakume Master Cup txapelketa hasi aurretik lehiaketak utzi duen daturik esanguratsuena, baina Amezketan jokatutako lehen jardunaldiak argi erakutsi du kopuru igoera horrek pilotarien maila hobetzea ere ekarri duela berekin.

Pilota mistoan, lehiaketan aurrera egin dute Madalen Etxegarai, Laia Salsamendi, Andrea Capellan eta Ane Mendiburu irabazleek, baita ere Maddi Berrocal eta Madi Unanuek, galtzaileen artean tantorik gehien egin dutenek. Pilota goxoarekin, Andrea Aldaregia eta Maria Granado pasa dira hurrengo kanporaketara.

Mailaka, bereziki aipatu behar da pilota goxoan Andrea Aldaregiak erakutsitako ahalmena, txapelketan parte hartzen hasi zenetik etengabe hazten joan delako. Oihana Unanuek gauzak zail jarri zizkion, 9 eta 14nako berdinketekin, baina landutako garaipena lortu zuen latasarrak (18-14).

Pilota mistoan, Maddi Unanueren eta Andrea Capellanen –Miguel aita botillero zuela– artekoa izan zen neurketa ikusgarrienetako bat.