Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Euskarazko poesiaren unibertsoa handitu dute Aragonek eta Bergerrek

Munduko Poesia Kaierak bildumaren baitan euskaratutako azken bi aleak argitaratu ditu Susak. Batean, Louis Aragon frantsesaren lanak daude. Abangoardiaren hasieran kokatzen da bere izena eta ezbairik gabe bi Mundu Gerrek eragina izan zuten bere obran. Bestean, John Berger ingelesaren olerkiak. Poeta berantiarra izan zen, 70 urte zituela idatzi baitzuen lehen poema liburua, baina ordurako obra zabala sortua zuen sentsibilitate artistiko handiko egileak.

Euskaraz poesia irakurtzeko aukerak zabaldu egin dira. Bi gizon, bi izaera, bi estilo, norberak berea, propioa. Louis Aragon (Paris, 1897) eta John Berger (Londres, 1926) Susa argitaletxearen eskutik heldu dira gure hizkuntzara, eta dagoeneko Munduko Poesia Kaierak bildumaren parte dira.

Bizitza luzea izan zuen paristarrak. 1897an jaioa eta 1982an zendua, ia XX. mende osoa ikusi zuen begien aurretik pasatzen. Tartean, ezbairik gabe markatu zuten gertaerak: Lehen eta Bigarren Mundu Gerretan parte hartu zuen eta bizipen haiek guztiek, jakina, eragina izan zuten bere poesian.

Paris jaioterri eta inspirazio iturri izan zuen eta abangoardiaren hastapenetan kokatzen bada ere, dadaismo eta surrealismoaren baitan, harago joan zen. Esaterako, “Litterature” aldizkaria sortu zuen 1919an Philippe Soupaultekin batera, dadaismoaren aldizkari garrantzitsuenetako bat, hain zuzen. Ondoren, salto egin zuen surrealismora Andre Breton poeta eta idazleak korronte hura sortu zuenean.

Bi liburu aipatzen ditu Beñat Sarasola editoreak, Aragonen lehen bi poema liburuak: “Bozkariozko sua” (1919) eta “Mugimendu etengabea” (1926). Bada Susak editatu duen antologia honetako lehen bi poemak bi lan horietatik atereak dira.

Aragonen obran bi lerro garrantzitsu sumatu daitezke: bata amodiozko poemak dira, «zentzu zabalean», zehaztu du Sarasolak. Hortxe aipatu gabe ezin utzi Elsa Triolet, urte luzez bikotea izandakoa. Errusiarra zen eta 1928an ezagutu zuten elkar. Hortik sortu zuen Aragonek “Elsaren zikloa” deitutakoa. Poema famatuenetako bat da “Elsaren begiak”, eta kaierean topatuko du irakurleak.

Beste lerro azpimarragarria Bigarren Mundu Gerra da eta erresistentzia esperientziak. “Dunkerkeko gaua” poema ezaguna ere liburuan jasoa dago.

Aragonek amodioaz topiko tipikoetatik aldenduta idazten zuen, eta lengoaia poetikoa erabat menperatzen zuen, neurriak, errimak… ugari ziren. Hortxe izan du erronka Itziar Diez de Ultzurrun itzultzaileak. Eta «bikain» egin du Aragonen nortasuna mantenduz eta poemen izaeran izpirik galdu gabe.

Berger, lehen aldiz euskaraz

Itzultzailearen figura klabea da halako proiektuetan. Erabakigarria. John Berger euskarara ekartzearen lanaz mintzatu da, hain zuzen, Iñigo Roque bera. Honakoa izan da euskarara itzulia izan den Bergerren aurreneko lana, eta poesiarekin izan da «estreinaldia».

Sentsibilitate artistiko handia zuen autoreak, eta esan daiteke poesia arte osagarri bezala erabili zuela. Berandu, oso berandu ailegatu zen bere lehen poema liburua, 70 urte zituela: “Zauriaren orriak”. Bertan bildu zituen 1956. eta 1994. urteen artean idatzitako poemak. Baina hau ere ez zen poema liburu huts bat, izan ere, testuak irudiz lagunduta argitaratu zituen.

«Bergerrek omen zioen poesia egiten zuela besterik egiteko ez zuenean…», adierazi du itzultzaileak. Ondo ezagutzen du idazlearen lana, baina bertigoa ere sentitu du itzulketa lanetan. «Egilearekin kontrastatzerik ez duzunean, beti gelditzen da zalantza…», onartu du, eta testu originalak irakurketa bakarra edo anitz dituen galdegitea ere saihetsezina gertatzen da. Adierazi duenez, ez ziren edertu behar ziren testuak, edo soinu jokoa exijitzen zutenak.

Maitasuna sentsualitate handiaz deskribatzen zuen, migrazioak ere asko interesatu zitzaizkion eta natura beti izan zen inspirazio iturri. Zuhaitzak, animaliak, landa eremua…