GARA
BILBO

Zazpi euskal film labur lehiatuko dira Zinebin

Bilboko Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdia gaur arratsaldean hasiko da Arriaga antzokian egingo duten ekitaldiarekin. Bertan Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film labur eskainiko dira, Claire Simon eta Wang Bing saritu ostean.

Bilboko Udalak antolatzen duen Zinebi Dokumentalen eta Film Laburren Nazioarteko Jaialdiaren 61. edizioa inauguratuko da gaur bertan, eta azaroaren 15ean amaituko. Hasiera ekitaldiaren baitan Sail Ofizialean lehiatuko diren zazpi euskal film labur proiektatuko dituzte eta, bestalde, Claire Simon zinemagile frantsesari eta Wang Bing zuzendari txinatarrari Ohorezko Mikeldia emango diete. Ekitaldia 20.00etan hasiko da, Arriaga antzokian.

Lehiaketarako aukeratu diren lanen artean, zazpi euskal zinemagilek egindakoak daude, eta gaur arratsaldean Arriaga antzokian emango dituzte. Filmak honakoak dira: Lur Olaizolaren “Xulia” –lan dokumentala–, Aitor Arregi eta Jose Mari Goenagaren “Mateoren ama” –fikziozko lana–, Jesus Mari Lazkano eta Josu Veneroren “Artico” –film dokumentala–, Josu Martinezen “Anti” –fikziozko lana–, Ainhoa Gutierrezen “Medvedek” –film dokumentala–, Lander Ibarretxeren “Regina” eta Paula Iglesias eta Ana Sernaren “Solo son peces” –film dokumentala–.

Zazpi lan horiek sari desberdinak lortzeko lehian arituko dira. Hauek dira sariak: Sari Nagusia (7.000 euro), Euskal Zinemaren Sari Nagusia (6.000 euro), Zine Espainiarraren Sari Nagusia (6.000 euro), lehiaketako hiru generoetako –fikzioa, dokumentala eta animazioa ataletakoak– Mikeldi sariak (5.000 euro), Ikus-entzuleak-EiTB Saria (3.000 euro) eta Euskal Gidoi Onenaren SGAE- Euskadi Kontseilua Saria (3.000 euro).

Irekiera ekitaldia

Antolatzaileek jakinarazi zutenez, Sra. Polaroiska kolektibo artistikoak zuzenduriko ekitaldian, Claire Simonek «Europako zine garaikidearen forma narratiboen eta estetikoen eta lengoaiaren berrikuntza erradikalaren alde egin duen apustua» aintzatetsiko du Zinebi jaialdiak.

Horrez gain, Wang Bing-ek «zinema garaikideko zinemagile berritzaileenetako gisa» aitortzen duen saria jasoko du irekiera ekitaldian. «Bere begirada guztiz originala da, eta horren bidez, aldi berean hunkigarria eta erabat objektiboa den modu batean, ahotsik gabeko jendea eta ahaztuta dagoen Txina horretan jende horrek bizirik irauteko aurrera daraman borroka erakusten jakin du», adierazi zuten Zinebiko antolatzaileek. Halaber, aurretik aipatu bezala, ekitaldiaren amaieran, lehiaketan parte hartuko duten euskal film laburrak proiektatuko dira. Zehazki, 57 film laburrek hartuko dute parte Zinebi 61eko Sail Ofizialean, 18 fikziok, 22 dokumentalek eta 17 animazio lanek.