Maria del Rio
Hezkuntzan doktorea
JOPUNTUA

Salda badago

Hauteskundeen emaitzek berri pozgarriren bat eman dute, baina horien gainetik ondorio kezkagarria bezain beldurgarria aitortu beharra dago. Oraingoan bai, zalantzaezina da ultraeskuinaren gorakada. Beraz, atzera egin nahi duen gezurrez beteriko diskurtsoari aurre egiteko beharra areagotu egin da.

Oraingoan, hauteskunde kanpainak asteburu bakarra izan du, Euskal Herriko V. Jardunaldi Feministekin bat egin duena. Durangoko irudiek garbi uzten dute mugimenduaren indarra; parte hartzaileok bagenekien une historikoa bizitzen ari ginela. Bereizgarritasun nagusia aniztasuna izan zen: antolatzeko erak, adinak, lan eremuak... Baina, era berean, aniztasunean sakontzeko beharra inoiz agortzen ez den lana dela nabaria egin zitzaigun. Hamaika aldarrikapen eta hamaika proposamen entzuteko une aproposa izan zen. Baita guztion adostasunerako abagunea: feminismoak deserosoa izan behar duela, dena zalantzan jarri behar du sistema iraultzeko helburuarekin, eta bizitza erdigunean jartzeko proposamenarekin. Heteropatriarkatuari, arrazismoari eta kapitalismoari aurre egiteko agenda bateratua beharrezkoa da. Aldiz, tentuz jokatu beharra dago sistema berrantolatzeko feminismoaz jabetu nahi direnekin, edo hura asimilatzeko eta homogeneizatzeko grina ageri denean.

Antolakuntzatik bertatik hasita, garbi geratu da mobilizazio eta elkarlanerako gaitasuna, baita modu kolektiboan hausnartzeko eta lantzeko ahalmena ere. Talde ugariren ekarpenek egungo feminismoaren puzzlea osatu zuten. Elkar aitortzeko jardunaldia izan zen, orain artean egindako bide luzeari eta proposamen berritzaileenei tokia emanez egin ere.

Bizi izandakoagatik, argi daukat mugimendu feministak bere mobilizatzeko gaitasuna erabili beharko duela ultraeskuinaren proposamenei eta izan litezkeen eskubide galerei aurre egiteko. Berezkoa duen zeharkakotasunari esker, bat egin dezake lasai asko pentsiodunekin edo aldaketa klimatikoaren aurkako taldeekin, besteak beste. Jardunaldien leloa “Salda badago” izan zen eta horrela erakutsi da, “hamaika osagai eta milaka zaporeko salda”. Aspaldian bor-borka ari dena eta gainezka egin duena, gainezka egiten jarraitzeko.