Patxi GAZTELUMENDI
BILBO

22 urte zuzenean eta beste disko bat «Atera» du Zea Mays taldeak

«Atera» da Zea Mays taldearen lan berria, hamargarrena bere ibilbidean. Taldeak abesti eta bideo ikusgarriak sortu ditu urteotan. Atzokoan, Bilboko Kafe Antzokian aurkeztu zuten diskoa lau taldekideek, Durangoko Azokan salgai jarriko dutena. Ahotsenean ere izango dira.

Zea Mays taldea 1997an sortu zuten irakasle ikasketak egiten ari ziren lau lagunek, Londresen ikasketa bidaian elkar ezagutu ostean. Maketa grabatu eta ezagun egin zen “Itsasoa” kantua. 1998an lehen diskoa etorri zen eta «geroztik kontzertuak jo eta diskoak grabatzen aritu gara», esan zion GARA egunkariari Aiora Renteria abeslariak. Hamargarren lana da “Atera”, eta orain kanpora atera nahi dute. Euskal Herrian eta nazioartean arituko dira zuzenean.

22 urte dira Zea Mays taldea sortu zela, baina, hala ere, Aiora Renteria taldekidearentzat «nahiko arin joan dira gauzak, egunerokoa luze egiten da, baina ikusten duzu urteak oso azkar pasatzen direla. Londresera egin genuen ikas bidaian ezagutu genuen elkar; irakasle ikasketak egiten ari ginen laurok, klase berean. Taldea sortu genuen eta geroztik 22 urte pasatu dira».

Maketa grabatu, lehiaketa bat irabazi eta lehen diskoa 1998an kaleratu zuten. «Gauzak bata bestearen atzetik etorri dira, kontzertuak egin eta diskoak atera» kontatu zuen abeslariak.

«Gauzek funtzionatzen ez badute aldatu egin behar dira, eta, aldaketarik egin ezean, gauzek ez dute aurrera egiten, arriskuak hartu behar dira», hori dute filosofia Errekaldekoek. Eta talde gutxi egongo dira Euskal Herrian horrenbeste urte egindakoak taldekide berdinekin. Lan egiteko modu bat finkatu dute eta disko berria aurkeztean beraien lan metodologia azaldu zuten. «Lehenbizi maketa bat grabatu genuen gure zuzeneko teknikariarekin, Jose Lastrarekin; gero oinarri horrekin Garate estudioetara joan eta Carles Campi ekoizlearekin lan egin genuen».

Aste batean

Azkar, aste bakar batean grabatu zuten lau musikariek guztia. «Zuzenean grabatzea gustatzen zaigu, banaka aritu beharrean, eta gero gauzak gehitzen dizkiogu oinarri horri: sintetizadoreak, beste gitarra batzuk, ahotsak hobetu...», kontatu zuen Iñaki Imaz Piti-k.

Aurten diskoa Garaten grabatu dute baina beste ekoizle batekin, oso denbora gutxian, beste jauzi bat izan da. «Emozionantea da, eta diskoan igarri egiten da, bestela dena berdina izango litzateke», azaldu zuen Aiorak pentsakor.

Eta Berri Txarrak taldeko Gorka Urbizuk disko berri honen aurkezpen hitzetan dioen moduan, Carles Compi ekoizleak «abestiei behar zuten boltaia ematen asmatu du». «Zea Mays guztiak topa ditzakezu lan berrian», Urbizuren hitzetan. «Zea May guztiak eta bat, bata eta guztiak: 90eko hamarkadako rock alternatibotik onena eta mende berriko indie rock dantzagarriena eta elektronika topatzen diren bidegurutzean eroso dabil taldea», gaineratzen du Berri Txarrak taldeko kideak.

«Guk aurrera joatea bilatzen dugu, eta gure burua emozionatzea azken batean; gure buruak asetzen ditugu lehenbizi, besteenak asetzeko gero», baieztatu zuen Aiora Renteriak lan berriaren doinu dantzagarriak Kafe Antzokiko bafleetatik entzuten ziren bitartean. «Entzuten dugun musikak gurera ekarri ditugu, ez gara batere estatikoak entzuten dugunarekin, asko gustatzen zaigu gaur egungo musika, oso gainean gaude eta kontzertu askotara joaten gara».

«Nora nahi duzue atera?» galdetu genion Aiorari. «Edozein lekutara, gauza txarrak atera, talde moduan mundura zabaldu lasaitasun osoz, etxetik Euskal Herrira atera, eta hemendik nazioartera, mundura», erantzun zigun Aiorak irmo.

22 kantu

Taldearen iraupenari keinua eginez, aurtengo birako kontzertuetan 22 kantu joko dituzte zuzenean, bi orduko kontzertuetan. «Disko berritik hamar joango dira zerrendan, eta badira beste batzuk derrigor jo behar ditugunak: ‘Elektrizitatea’, ‘Negua joan da ta’, ‘Kukutza’, ‘Ondarroa’… Asko kostatu zitzaigun zuzenekoetarako zerrenda egitea», aitortu zuen Aiorak.

Durangoko Azokan egongo dira, Ahotsenean ordu erdiko aurkezpena egingo dute eta Azokatik bueltan Euskal Herriko dendetan ere egongo da beraien Garden Records etxearekin autoekoiztu duten lana. Bart Ondarroako Portuko Ranpin jo zuten –sarrera guztiak aldez aurretik salduta ziren, ahoz ahoko propagandarekin soilik–. Gaur, berriz, Logroñoko Biribay aretoan arituko dira.

Azaroaren 22an EH Sona jaialdian izango dira Bartzelonan eta, horrez gain Paris, Amsterdam eta Berlin ere bisitatuko dituzte. Abendutik aurrera Bilboko Kafe Antzokian, Iruñeko Zentralen, Donostiako Dabadaban, Gasteizko Jimmy Jazz aretoan eta Uztaritzeko Hartzaron arituko dira, besteak beste.