GARA
DURANGO

264 erakusmahai eta 405 nobedade dakartza Durangoko Azokak

Abenduaren 5etik 8ra bitartean 200 kultur ekitaldi baino gehiago izango dira Durangoko Azokako zazpi guneetan. Musika Eskolan ere jarduerak izango dira aurreneko aldiz, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa, esaterako. 264 erakusmahai egongo dira Landakon, 405 nobedaderekin: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari... 30 urtean lehenengoz, erakusmahaiak berriztu egingo dituzte eta, hortaz, Landakoren irudia aldatuta aurkituko dute bertaratzen direnek.

Durangoko Azoka ari da hurbiltzen eta antolatzaileek aurtengo edizioko nobedade eta datu orokorrak ezagutarazi zituzten atzo.

Bartolome Ertzilla Musika Eskolan egin zuten agerraldia, Landako Gunearen atzealdean kokatutako espazioa izango baita aurtengo nobedade nagusietako bat. «Azken urteotan Azoka handitzen ari da eta Durangon zehar zabaltzeko ahaleginetan gabiltza. Edizio honetan Musika Eskola espazio berri bat izango da: hor egingo dira irekiera ekitaldia, Gogoetaren Plaza eta DA! PRO egitasmoa», adierazi zuten antolatzaileek.

Hitzorduan bildu ziren Gerediagako presidente Nerea Mujika eta Azokako guneetako ordezkariak: Johana Olabarria (Irudienea), Itsaso Gangoitia (Saguganbara), Arantza Arrazola (Szenatokia), Unai Pelayo (Ahotsenea), Esther Soto (Areto Nagusia), Ihintza Orbegozo (Plateruena) eta Gorka Julio (Kabi@).

DA! PRO egitasmoa izango da 54. edizioko beste berritasun bat. Estreinakoz, Durangoko Azokak Euskal Herriko programatzaileen eta musika sektoreko sortzaile eta profesionalen arteko topaketa antolatu du, Musika Bulegoarekin elkarlanean. Azokaren lehen egunean izango da, goizean zehar.

Landako Guneak ere izango du berritasunik. Izan ere, 30 urtez lehenengo aldiz, erakusmahaien irudia aldatuko du Azokak. Landakoren argazki orokorra, beraz, bestelakoa izango da, Gerediagako kideen esanetan. «Gure asmoa gaur egungo tendentzietara egokitzea eta erakusmahaiak errazago identifikatzea izan da. Erakusmahaiak egurrezkoak izango dira eta errotulazioetan kolore desberdinak eta ikonoak izango dituzte. Azokak bere burua eguneratzeko ahaleginean jarraitzen du».

Eskariak, gora

54. edizioan guztira 264 erakusmahai egongo dira: 240 handi eta 24 txiki. «Aurreko urteetan baino eskari gehiago jaso ditugu», argitu zuten.

Produktuei dagokienez, 405 nobedade egongo dira: 273 liburu, 91 disko, 16 aldizkari, 5 ikus-entzunezko eta bestelako 20. Autoekoizleen plazan, bestetik, 14 sortzaile batuko dira, disko, liburu eta ikus-entzunezkoekin.

Azokaren bigarren egunean, berriz, Azokako Sormen Bekaren irabazleak zeintzuk diren jakinaraziko da. Aurtengo gaia musika da, beraz, diziplina horrekin lotutako proiektu bat izango da sariduna. Era berean, iazko irabazleek euren proiektua aurkeztuko dute, AtopiaRPG euskarazko lehenengo rol-jokoa, hain zuzen ere.

Gerediagako presidenteak azaldu zuenez, Azokaren aurrekontua 668.450 eurokoa izango da. «Aurrekontu horrekin Azokak egiten duen ekarpena handia da; alde batetik, euskal kulturaren transmisio eta zabalkundeari dagokionez eta, bestetik, alderdi ekonomikotik sektoreari eta Durangaldeari egiten diona».

Ikerketa

Ekarpen horri lotuta, Azokaren azkenengo egunean prentsaurrekoa egingo du Durangoko Azokak, Siadeco taldearekin batera, Azokaren eragin ekonomikoaren inguruko ikerketa aurkezteko.

Egitarauari dagokionez, 54. edizioan 200 ekitaldi baino gehiago izango dira, 700 metroan eta 5 minutuko distantzian. Ahotsenean Euskal Herri osoko 111 talde, bakarlari eta idazle batuko dira, zuzenekoen karpan eta solasaldien gunean. Urtero bezala, sortzaile ezagunek sortzaile hasiberriekin partekatuko dute agertokia.

Irudienean, ikus-entzunezkoen gunean, mundu digitalarekin lotutako hainbat proiektu aurkeztuko dira: websailak, youtuberrak eta abar. Era berean, memoria historikoa lantzen duten dokumentalak eta fikzioak ere proiektatuko dituzte.

Saguganbaran, familien espazioan, urtero bezala umeentzako ikuskizun eta tailer ugari izango dira. Aurten autoekoiztutako ipuinek indar berezia izango dute.

Aurkezpenak

Areto Nagusian, urtero bezala, eragile, elkarte eta erakundeek beraien egitasmoak aurkeztuko dituzte. Ekitaldirik bereziena “Throwing voices” izango da, Edinburgoko Liburu Azokarekin eta Etxeparere Institutuarekin elkarlanean antolatua.

Gogoetaren Plaza Musika Eskolan antolatu da lehenengo aldiz, eta bertan honako gaiak landuko dira: lizentzia libreak hedabideetan, euskal prentsa, kulturgintzaren profesionalizazioa eta euskara integrazio hizkuntza gisa. Kabi@ kultura digitalaren gunea izango da, eta ohiko topaketez gain (Gamer gela, wikilariak...) oso aurkezpen interesgarriak egingo dituzte. Egitaraua, gainera, kontzertu batekin amaituko dute: “Mauriziak ez du inor hil”.

Szenatokiak, bestalde, Kukai dantza taldearen “Erritu” ikuskizuna hartuko du, eta asteburuan Dantza eta Antzerki Laburren Jaialdia egingo dute, 10 konpainia eta 30 emanaldirekin. Plateruenan, azkenik, kontzertu handiez gozatzeko aukera egongo da: ETS, Zetak, Arkada Social eta amaitzeko, Maider Zabalegi.