M. J.
DONOSTIA
EUSKARALDIAREN BIGARREN EDIZIOA

Euskaraldiak «gehiago» nahi du 2020ko udazkenean

Euskaraldiaren bigarren edizioa hasteko justu urtebeteren faltan, hizkuntza ohiturak aldatzea helburutzat duen ariketa sozial berriaren ezaugarriak aurkeztu zituzten atzo Donostian. Euskaraz «gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan» aritzeko aukera emango du.

Dozena bat egun izan ziren estreinako edizioan, iazko azaroaren 23tik abenduaren 4ra; hiru gehiago izango ditu datorren urtean egingo den bigarrenak, azaroaren 20an ekingo baitzaio. Hori izango du nobedadeetako bat 2020ko Euskaraldiak, baina ez bakarra: nagusiena da, oraingoan, «herritarren ariketaz gain, taldeetan hizkuntza ohiturak aldatzeko aukera izango» dutela era guztietako entitateek. Alegia, norbanakotik kolektibora egingo duela jauzi.

Donostiako San Telmo museoan egin zuten bigarren edizio horren aurkezpena. Antolatzaile eta sustatzaileek gogorarazi zuten hizkuntza ohiturak aldatzeaz gain «elkarlan eta lankidetza eredu berriak zabaltzeko ere balio izan» zuela aurreneko edizio hark, «eta euskararen erabilera errazten duten arau sozial berriak gizarteratzeko». Horretan indarra jartzen segituko dute bigarren honetan ere, ahobizi eta belarriprest figurak baliatuta, baina ariketa soziala urrunago eraman nahi dute, eragina handitzearren. Leloak nahikoa agerian uzten du asmoa: “Gehiago, gehiagorekin, gehiagotan”.

Entitateen bermea: arigunea

Eta ariketa taldera eramateko ahalegina bermatze aldera beste berritasun bat: «Euskaraldian garrantzi berezia hartuko duen kontzeptu berri bat sortu da, arigunea. Euskaraz aritzeko babesgune modura osatutako guneok izango dira ariketa sozialean taldean jarduteko aukera emango duten espazioak, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean», jakinarazi zuten.

Norbanakoen kasuan bezala, talde hauetako kideetako bakoitza ahobizi edota belarriprest modura arituko da 15 egunez, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute ariguneetan.

Kolektibo eta entitateetan parte hartzeko aukera zabalduko da orain: lantokietan, Administrazio publikoan, herri eta auzoetako asanbleetan, kultur taldeetan, kirol elkarteetan... Gaurdanik uztaila bitartean, entitateek ariguneak identifikatu beharko dituzte, beren kideen adostasuna lortu beharko dute eta, ondoren, izena eman. Irailetik azarora egingo da belarriprest eta ahobizien izen-ematea.

Euskaraldiaren koordinazio mahaia osatzen duten erakundeetako ordezkariak arduratu ziren xehetasunen berri emateaz: Euskaltzaleen Topaguneko lehendakari Kike Amonarriz, Lakuako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu Bingen Zupiria, Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetako sailburu Ana Ollo eta Euskararen Erakunde Publikoko presidente Beñat Arrabit.

Amonarrizek laburbildu zuen edizio berriaren helburu nagusia: «Herriz herri sortutako komunitate zentzu hori, indar hori, egonkortzen saiatuko gara».