Lander Garro
Idazlea
AZKEN PUNTUA

Zer garen

Ez dut “GH” saioa inoiz ikusi, eta jada badira 20 urte emisioan dagoela. Zeharka, han-hemen ikusi izan dut mekanika: dozena bat lagun, dozena bat kamera, dozena bat gorabehera emozional, eta milioika ikusle. Reality show deitu izan dena. Esperimentu soziologiko bat. Zoologiko humano bat. Zer gerta daiteke pertsona multzo batekin beren emozioak limitera eramaten baditugu gatibu diren bitartean, jakinik jende asko haiei begira dagoela? Zer du txarretik? Galdetu dezake baten batek. Txarretik du, akaso, voyeurismoa zuritzen duela. Bizitza arruntean “gaizki” dagoena, alegia, jendea bere errutinan zelatatzea, hemen araua da. Ikus ditzagun sofan eserita espagetiak jaten, elkar maitatzen eta gorrotatzen, elkar zauritzen eta umiliatzen, konspiratzen, jazartzen edo bortxatzen, krispetak jaten ditugun bitartean. Gaur jakin dut 2017an neska bat Guadalix de la Sierrako etxean bortxatua izan zela, eta T5 kateak gertatua isilarazi zuela ikuskizunari kalte ez egiteko. Gero, gertatuaz hitz egiteko debekua ezarri zioten. Geurean, EAEn, ikusleen %30ek ikusten dute. Jendeak sarri esaten dit ez duela ETB1 ikusten, euskarazko kate publiko bakarra, ez delako kalitatezkoa. Duela urte batzuk neronek egin izan nuen “Sautrela”-k %0ko audientzia izaten zuen maiz, “Tumatxak”-ek (musika saioa), %1,5ekoa. Hauxe da errealitatea. Honexetan ari gara. Hauxe gara.