Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Bidai goxo bat lo hartu aurretik

Lotara joan aurreko uneak, goxo eta lasaiak, ipuinez lagunduta beti dira hobeak. Musu bat eman eta ametsetan galtzeko sarbiderik onena. Ohetxoaren alboan kontatzekoak eta kantatzekoak proposatzen ditu «Lo potolo» (Alberdania) liburuak. Ipuin klasikoak, hitz jokoak, kantuak… bederatzi egile eta ilustratzaile bat bildu dira proiektu honen bueltan.

Nork lokartzen zintuen haurra zinela ohe alboan? Nork laguntzen zintuen ametsak pizten sehaskaren goxotasunean? Nork musukatzen zintuen iluntasunaren ertzean? Eguna eta gaua banatzen dituen hari fin hori da, akaso, momentu intimoenetako bat, etxean, jarduna amaitu da eta bada garaia geure baitan biltzeko. Dena dago isilpean, dena lasai eta bare. Gerturatu zara ohetxoaren ertzera, maindire artean badira bi belarritxo zure zain. «Nora eramango nauzu gaur?», diote bi begitxoek.

Etxeetan iluntze oro errepikatzen den eszena honetatik tiraka argitaratu du Alberdaniak “Lo potolo”, bederatzi sortzaileren pieza desberdinak batzen dituen lotaratzeko ipuin bilduma. Uxue Alberdi, Leire Bilbao, Harkaitz Cano, Juan Kruz Igerabide, Anjel Lertxundi, Miren Agur Meabe, Mitxel Murua eta Patxi Zubizarretaren sinadurak dakartza, eta testuok marrazkiz osatu ditu Eider Eibar ilustratzaileak.

Liburua askotarikoa da, eta «kaotikoa» zentzu onenean. Ez baitira ipuinak bakarrik, egile bakoitzari eman zaion askatasunetik sortu baitira poemak, hitz jolasak, bertsoak, kantuak… batzuk beldurrezkoak, besteak klasikoagoak, euskal tradizioaz nahiz mundukoez mintzatzen direnak.

«Eider izena dut. Zortzi urte dauzkat. Eta problema latza daukat lotara joateko ipuinekin. Bueno, ipuinekin ez; kontalariekin daukat problema. Eta kontalariak aita eta ama dira. Aita mekanikoa da, eta oso nekatuta egoten da gauean, lotarako niri ipuin bat kontatu behar didanean. Ama abokatua da, eta hura ere leher eginda etxeratzen da beti, eta, jakina, niri ipuina kontatzeko komeriak. Lo geratzen dira. Biak. Nire ohean. Haserretu egin nintzen, fundamentuzko gurasorik ez dudalako». Mitxel Murua umearen azalean jarri da idatzi dituen sei ipuinetako batean; akaso, helduen arreta erakartzeko asmoz. «Oso inportantea da lotara joateko momentu hori, ipuinak interaktiboak direlako», esan du, zeren txikientzat gurasoak «oso inportanteak dira»; are gehiago, oheratzeko une horrek badu karga handia, transzendentzia.

Imajinarioa zabala da. Klasikoak (ametsak, izarrak eta ilargia), unibertsalak (animaliak, izaki bitxiak…) eta fantasiazkoak, Harkaitz Canoren astronauta kasu.

Eta barietate hori izan zen erronka, hain justu, Eibarrentzat, zeren idazleek proposatu dituzten testuek hainbeste irudiz mintzatzen dira, ezen ez baitzekien nola bildu hura guztia irudi bakar batean. «Oso estilo ezberdinak landu behar izan ditut, eta erregistroak etengabe aldatu behar izan ditut. Zaila izan da, baina oso polita aldi berean; egia esan, marrazkirik gabe funtzionatu lezake liburuak sortu duten imajinarioa oso zabala izan delako», kontatu zuen aurkezpenean.

Denetatik biltzen zuen liburua nahi zuen argitaletxeak, eta lortu dutela uste dute. Eman zaien askatasunari gero «sukalde lan txiki bat» baino ez zaio egin, genero eta estilo artean oreka egon zedin.

Uxue Alberdik ipuin labur bat, poema bat eta bertso sorta bat proposatu ditu, eta Anjel Lertxundi onomatopeiekin jolastuz behi batez mintzatzen da. Juan Kruz Igerabidek harri koskor bati jarri dio izena eta izana. Zerura begira dago. Eguzkia agertu da eta bihotza berotu dio. Eta harriak galdetzen dio: «Zeinek maite nau?». Baina erantzuna entzun baino lehen lo hartu du gure sagutxoak.