Jon GARMENDIA «TXURIA»
Idazlea

Prestatua

Ez dakit horma hilobian edo lur azpian lurperatuta duen senarra Marie-Agnesek, baina egunero egiten dio bisita Saint Josepheko hilerrira lore sorta batekin, hala kontatu zidan karrikan gurutzatu nuen azken aldian, ahotsa apal eta begiak umel-umel zituela. Duela urtebete galdu zuen senarra, minbizia zeukan, eta gaitzaren zorigaitza jakin ondotik bizitzeko mina Marie Agnesek. Nola barneratu hura, nola ohitu hartara. Bizitza osoa zeramatela elkarrekin, biak Rue de la Clairiere d’Ichacan sortuak, auzokide eta amoros. Ez zuela bakarrik bizitzea imajinatu, nehoiz ez zuela pentsatu hain fite agurtuko zirenik, ez, ezetz, bera ez zegoela halako zerbaiterako prestatua. Gainera, gaixotasunari nola aurre egin ez omen zuen ikasi, zein jarrera izan behar zuen jakiteko, nola lagundu zezakeen. Hasi zela liburuak erosten Interneten begiratu ondoan, besteen esperientzietatik zerbait jasotzeko asmoz, baina zetorkienaz mentalizatzeko denborarik ere ez omen zuen izan, hilabete gutxitan ebatsi baitzion bikotea heriotzak, eta hustu egin zuen. «Voler» eta «vider», lapurtu eta hustu aditzak nola erabili zituen oroitzen dut, ez senarra non lurperatu zuen. Eta nor prestatzen den zoritxarrerako, hori darabilkit geroztik buruan, datorrena heldu den bezala jasotzeko beste hauturik ez duzunean batez ere. Ni ere ez bainago prestatua, ez halako zerbait bizitzeko, baizik halakoa bizi duenari zer erran jakiteko. Besarkada bat eman nion.