03/12/2019

Julian Larreak kanako enborra 57 minutuan moztu du 90 urterekin

Barakaldarrak igandean egindako marka Guiness liburuan sartuko da.

Andres OSA «SAKONA»
1203_kir_aizkora

Igande eguerdian Julian Larreak, Barakaldoko 90 urteko gizonak, aizkoran sekulako marka egin zuen Arratiako Axpe Goikoa jatetxe aurrean. Kanako enborra, hau da, 108 ontzakoa, gerri bueltan 2,85 metro dituen pago enborra, etzanda jarrita moztu zuen 57 minutu eta sei segundoan. Enborraren erdia 31 minutu eta 28 segundoan egin zuen. Marka ikaragarria da. Adin horretan, enbor gainean hainbeste denboran tente irautea besterik gabe meritu handia da.

Larreak egin duen balentria Guinness liburuan sartzekoa da. Pena da oihartzun handia izan behar lukeen marka zokoratua gelditzea, eta bertan ehun bat pertsona soilik izatea begira, baina Julianek egin du berea: 90 urterekin kanako enborra partitu eta aski fresko, arnasesturik gabe, enbor gainetik jaitsi.

Ozetan Gaztedikoak nagusi

Larunbatean jokatu zen Ozetan Euskal Herriko lauko sokatira txapelketako lehen ekitaldia, 300 kilotan gizonezkoek eta 260 kilotan emakumezkoek. Gizonezkoen lehen bi postuetan tiraldi oso parekatuak izan ziren eta, horrexegatik, 300 kilotan parra egin zuten 3,5 puntura Gaztedik eta Berriozarrek, hirugarren Antsoain izan zen bi punturekin eta azkena Bizindar puntu bakarra lortuta.

Emakumeen mailan zortzi talde neurtu ziren 260 kilotan. Hemen Gaztedi eta Badaiotz A 7,5 punturekin berdinduta gelditu ziren. Jarraian, Txantrea Bk 6 puntu batu zituen, Badaiotz Ak 5, Ibarrak 4, Badaiotz Bk 3, Txantrea Ak 2 eta Bizindarrek 1.

Bizkaiko zortziko sokatiran, 640 kilotan, irabazlea Gaztedi izan zen 12 puntu eskuratuta. Goiherrik 9 puntu bildu zituen, Mundakak 6, Abadiñok 3 eta emakumezkoen taldeak bat.

Urrezko Kopa

Leitzan Urrezko Aizkoraren Kopako kanporaketa jokatu zen. Bi aizkolarik parte hartu zuten: Jon Rekondo leitzarrak eta Juan Jose Lopez lezaundarrak. Etxekoak irabazi zuen, hamar kana-erdiko mozten 23 minutu eta 25 segundoko denbora erabiliz. Lopezek ia minutu bat gehiago (24,15) behar izan zuen. Rekondok datorren kanporaketan parte hartuko du.

Bestalde, Gabonetako harri-jasotze txapelketan Jon Gisasola Zelai V.a eta Aritz Etxeberria Ureta neurtu ziren. Erabili zituzten harriak 100 kiloko zilindro zaharra, kubikoa eta bola izan ziren, bakoitzarekin hiru minutuko txandak eginez. Gisasolak guztira 71 leporatze egin zituen eta Etxeberriak 63 jasoaldi. Horrela, Mallabiko gazteak, Gisasolak, aurrera egin du lehiaketan.

Eta Azkoitian, San Andres saria ospatu da. Larunbatean Telleria lasartearrak 44 plaza eta 4 zinta egin zituen, Urtia azkoitiarrak 42 plaza eta 3,90 metro eta Soarte elgoibartarrak 36 plaza, 4 zinta eta 1,02 metro. Atzo jokatu zen azken ekitaldia.

LEITZA


Urrezko Aizkoraren Kopako kanporaketa jokatu zen Leitzan, eta Jon Rekondo etxeko aizkolaria nagusitu zen Juan Jose Lopezen aurkako norgehiagokan.