GARA
BILBO

ELA eta Babestu egoitzen egoera larriagatik protestan, Bilboko Ordezkaritzan

Bizkaian 60 minutuko arreta baino ez zaio ematen egoiliar bakoitzari. Zahar etxeetako ratioak «jasanezinak» dira, langile gutxiegi eta lan karga gehiegi baitago. ELAk eta Babestuk egoera larriaz ohartarazi zuten.

Bizkaiko zahar etxeetako «egoera tamalgarriagatik» protesta egin zuten atzo ELAk eta Bizkaiko senitartekoen elkarteak, Babestuk. Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitzaren aurrean egin zuten elkarretaratzea, eguerdian.

ELAk zenbait urte darama langile gabezia eta arreta eredua aldatzeko beharra plazaratzen. Horren harira, kanpaina bat sustatu zuen otsailean, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoitzetako ratioa salatzeko, «ratio horren arabera langile gutxiegi eta lan karga gehiegi» baitago.

Jakinarazi zutenez, sektoreko langileek «ezin dute ratio hori jasan, eta horrek bere eragina du zerbitzuaren kalitatean». Kanpainan, beste adibide batzuen artean, honako hau jaso dute: Bizkaian 60 minutuko arreta baino ez zaio ematen egoiliar bakoitzari.

Dekretuari buruz

Era berean, Lakuaren dekretu berria «berehala erretiratzeko» eskatu zuen ELAk, «eduki atzerakoiak» jasotzen direla-eta. Babestuk eta Gasteizko Legebiltzarrak ere dekretua berrikusteko eta aldatzeko eskatu zioten Gobernuari.

Bestetik, Gipuzkoan, ELAko ordezkariak zahar egoitzetako erabiltzaileen senideen elkartearekin bildu ziren atzo goizean. Eta bi aldeak bat etorri ziren sektoreak bizi duen gatazkari irtenbidea bilatzeko bilera baten premia dagoela esatean.

Lan Harremanen Kontseiluarekin harremanetan jarri da ELA, heldu den astearterako, abenduak 10, bilera batera dei ditzan sindikatuak, patronala eta Gipuzkoako Foru Aldundia. Dagoeneko 142 greba egun bete dituzte Gipuzkoako egoitzetan.

Orain arte borondaterik ez

Gipuzkoako Aldundiak orain arte ez du borondaterik erakutsi «milaka langilek eta erabiltzailek bizi duten lan eta gizarte gatazkaren konponbidean urratsak egiteko», ELAk eta senideen elkarteko arduradunek bileraren ostean adierazi zutenez.

ELAko ordezkariek senideen elkarteari jakinarazi zioten eman beharreko pausoak eman dituztela Lan Harremanen Kontseiluak bilerara dei ditzan gatazkaren konponbidean inplikatuta dauden hiru aldeak.

Sindikatuak esan zuenez, «lan baldintzak duintzea eta zerbitzuaren kalitate eskasa hobetzea» dira borroka luze honen asmoak.