GARA
BILBO

Etxeko barne-langile baten heriotza salatu du gehiengo sindikalak Bilbon

56 urteko etxeko barne-langile baten heriotza salatu zuen atzo gehiengo sindikalak, Lakuak Bilbon duen ordezkaritzaren aurrean. Prekaritatearen eta esplotazioaren «adibide argia» dela esan zuten.

ELAk, LABek, ESKek, Steilas-ek eta Hiruk irmoki salatu zuten atzo azken lan istripu hilgarria. «Lan eta bizi baldintzen prekarizazio prozesuak eta egun bizi dugun lan harreman ereduak lan ezbehar kopuru onartezin baten aurrean kokatzen gaituzte», adierazi zuten.

Barneko etxe-langile baten heriotza izan da azkena. Orain dela egun batzuk jakin zen 56 urteko etxeko langile bat lanean ari zela ondoezik sentitu, ospitalera joan eta handik gutxira hil zela. «Prekaritateak eta esplotazioak hil egiten dutela esaten dugunean, hemen dugu, tamalez, horren adibide argi bat», nabarmendu zuten, etxeko langileen kolektiboa lan munduan baztertuenetarikoa dela gogoraraziz.

«Oraindik ez dago marko arautzailerik langile hauentzat, hau da, ez dute hitzarmenik eta, ondorioz, lan harremanak guztiz indibidualak dira. Egoera horretan oso zaila da beraien lan eskubideak defendatzea», salatu zuten. Langile-kolektibo honen arazoa egiturazkoa dela adierazi zuten Lakuak Bilbon duen egoitzaren aurrean egindako elkarretaratzean.

Osalani eta Lan Ikuskaritzari lan istripu honen arrazoien eta arduren inguruko ikerketa sakona egiteko exijitu zieten ELA, LAB, ESK, Steilas eta Hiru sindikatuek.

Bestalde, larunbat honetan arratsaldeko zazpietan Bizkaiko Aldundiaren aurrean hainbat emakume talde eta erakunde feministetako kideek agur ekitaldia egingo diote zendutako emakume langileari eta horretan parte hartzera dei egin zieten herritarrei.