Ane URKIRI ANSOLA
Usurbil

«SISTEMAK BEHARTUTA», EZKUTUKO ANGULAZALE

Oria ibaiko hamar bat «angulazale» elkartu, eta lizentziak banatzeko eraren aurka agertu dira. Azaroaren 15ean hasi zen sasoi berria eta polizia-kontrolak nabarmen ugaritu dira ezkutuko arrantzaleak zigortzeko. Arrantza-baimenak ez dira eskualdatzen.

Sistemak behartuta, sistemaren erruz gara ezkutuko angula harrapariak». Hori diote Oria ibaiko «angulazale» batzuek. Aurtengo sasoian polizia-kontrolak gogortu dituztela ohartu dira eta, beldurrez, apenas irten dira arrantza egitera. «Eta irtenez gero, leku eskasenetara, ilunenetara, susmorik ez pizteko».

Oriaren ibarreko angulazale hauek lizentzien banaketa sistemarekin daude haserre, urteak joan urteak etorri horiek ez baitira eskualdatzen. Eremu honetan 190 lizentzia daude –26 arraste-ontzientzat eta 174 bazterrekoentzat–. Urtero eguneratu behar dituzte baimen horiek eta, arrazoia edozein dela, norbaitek eguneratzen ez badu –heriotzagatik edo nahi ez duelako–, lizentzia horiek galdu egiten dira eta ez da betetzen horiek uzten duten hutsunea. Baimen kopuruak, beraz, beheranzko joera du.

Adierazpen bat idatzi dute eta bertan argitzen dute «angularen iraupenaren alde» daudela eta, hortaz, «garbi utzi nahi dugu behar diren neurriak hartzeko prest gaudela eta Europatik hartzen dituzten neurriekin bat gatozela». GARAri azaldu diotenez, onartzen dute babestutako espezie baten arrantzan aritzen direla eta, beraz, kontrolatu beharra dagoela.

Kontrol horien jomuga nagusia, ordea, ezkutuko arrantzaleak dira azkenaldian. «Gu harrapatu nahi gaituzte eta, hala, prentsan titular bat atera; baina zenbateko txikiena harrapatzen dugunak gara gu. Urtean, hau da, sasoi oso batean, gehienez hiru kilo inguru hartzen ditugu, denboraldia ona izanez gero».

Guardia Zibilaren eta Ertzaintzaren presentzia handia sumatu dute Orian eta Deba arroan ere badabiltzala ziurtatu dute. Beraien ustez, baimena dutenen harrapakinak kontrolatu beharrean, «indar asko ari dira xahutzen gurekin».

Administrazioaren onarpena

Polizia-kontrolak ugaritu egin dira, baina arazoa ez da oraingoa. «Angulazale» hauek urteak daramatzate baimen sistemak aldaketa bat behar duela ohartarazten eta Usurbilgo Udalak ere jo du Aldundira, afera honi buruzko eztabaida bat abian jar dadin. Azkenaldian, angulazale hauek adierazi dutenez, Gipuzkoako Foru Aldundiak «ez du fitxarik mugitu eta horren aurrean gure kezka azaldu nahi dugu».

Duela sei urte, orduko Usurbilgo alkatearekin (Mertxe Aizpurua) batu zirenean, Aldundiak onartu zuen arrazoia zutela arrantzale hauek, «baina denak berdin jarraitzen du». «Guztiona» behar lukeen eskubidea pertsona gutxi batzuen eskuetan dago, «sistema arbitrarioaren ondotik».

2003-2004 sasoian banatu zituen Lakuak lizentziak azkenengo aldiz. Ordura arte ez zegoen mugarik eta, behin muga jarrita, hasieran eskuratu zutenen poltsikoan dago arrantzatzeko eskubidea. GARArekin harremanetan jarri den «angulazale» talde honetako ordezkariak ohartarazi du, gainera, arrantzale batzuk zigortuak izan zirela eta behin-behinean lizentzia kendu zietela. Horren arrazoia zen ez zutela entregatu arrantzatzera irteten diren bakoitzean bete behar duten formularioa; horretan noiz, zer ordutan eta zenbat kilo angula harrapatu duten zehaztu behar dute. «Gaizki egin zutenak zigortu eta beste batzuei aukera eman beharrean, urte batzuen buruan berriro eman zieten arrantzatzeko baimena gauzak oker egin zituztenei», eta hori ulergaitza iruditzen zaie ezkutuan aritzen diren angulazale hauei.

Herritar orok izan behar lukeen eskubidea dela iritzita, baimenak banatzeko modua nola edo hala aldatu egin behar dela diote. Ordezkari honek, esaterako, zortzi urte daramatza baimena eskuratzeko borrokan, baina ez du lortu. Familiako tradizioari eutsi nahi dio, legalki, eta horregatik proposatzen dute urtero baimenak eskatzen dituztenen artean zozkatzea; hau da, sektorea eskuz aldatzea, betikoen botere-eredu ez bilakatzeko.

Txikitan ezagututako tradizioari eutsi nahi diote, etxerako arrantzatzen dute, kontsumo propiorako: «Nik txikitatik ezagutu dut angularen arrantza, aitonarengandik». Hemen era anonimoan agertu badira ere, ordezkariak ziurtatu du Lakuako Arrantza eta Akuikultura sailburu Leandro Azkuerekin hitz egina duela, arazoari konponbidea aurkitzeko asmoz.

Administrazio publikoaren onarpena jaso dute, baina kontrolak gogortuz erantzun dio honek arazoari. Orain arte aldatu ez den gauza bat aldatzea zail ikusten dute, baina aldi berean behar-beharrezkoa dela uste dute. «Besterik gabe, arduradunei beren erantzukizunak bete ditzatela eskatzen diegu eta gure herriko ohitura errespetatu dezatela legeak berriztatuz», diote plazaratutako adierazpenean.