EDITORIALA
EDITORIALA

Mirarien Azokatik egunerokoari begira

Durangoko Azoka 1965. urtean abiatzea, frankismoaren tunel beltzean argi izpirik oraindik agertzen ez zela, Euskal Herrian gertatutako mirari handienetarikoa izan zen, garaiko indar sortzailearen erakusle. Baina 2019 honetara hain osasuntsu iritsi izana ere ez da mirari makala. Hasteko, jai zubi txikiena ere kanpora joateko oporraldi bilakatu dituen gizartean, mirari ederra bada 110.000 lagunetik gora Durangora erakarri izana, zertara eta kultura dastatzera. Norbanako joerak gailentzen diren aroan, esperientzia kolektibo potentea gertatu da berriz Landako inguruan, sortzaile eta kontsumitzaileen arteko komunikazio zuzena. Digitalizazioak dena jango duela dirudienean, oraindik paperezko liburuak eta euskarri ezberdinetako diskoak sortu eta saltzerik badela erakutsi du. Euskara bezalako hizkuntza gutxituentzako arnasgunerik sumatzen ez den munduan, ireki duen leihotxoa hor da, zabal-zabalik. Belaunaldi gazteentzat aisialdi errazerako tresnak jaun eta jabe direnean, kulturarekin gozatzea ere badela ikusarazi die. Bai, mirari txiki asko daude azoka miragarri honetan.

Mende erditik aurrera, nostalgia tentazio arriskutsua izaten da beti, baina Azokak aurre egin dio aurten ere, «betikoaz» gain berritasun ugari ekarriz, aldaketa teknologikoak barneratuz eta euskal sorkuntzaren aniztasuna islatuz. Azokak iragana izan duela eta orainaldia duela begi bistan direlarik, herri txiki zein handietan kulturaren etorkizuna bermatzea da erronka. Horretarako, lau eguneko esperientzia arrakastadun honek ezinbestekoa izaten segituko du, baina 365 eguneko ahalegina batu behar zaio, hori baita aldikako miraria eguneroko aurrerapen bilakatzeko modu bakarra. «Ekosistema hau oasi batean gera ez dadin, urte osoan zehar bizia ematea da orain erronka», aipatu du antolakuntzak bere balorazioan. Etengabeko jardun horretan, politika publikoek, bai eta norbanako jarrerek ere, dudarik gabe faltako ez diren sortzaileei bidea erraztu behar diete.