GARA
BILBO

DSBEa %4 igotzea «huskeria» dela uste dute pentsiodunek

Bizkaiko pentsiodunek 100 astelehen daramatzate kalean, eta EAJk eta EPk adostutako aurrekontuetan jasotzen den DSBEaren %4ko igoera «huskeria» dela adierazi dute. Urtarrilaren 30eko greba orokorrera atxikitzea eskatu diete Europako pentsiodunen plataformei.

Ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean mobilizatuko dira Hego Euskal Herriko pentsiodunak. Hurrengo astelehenean Iruñeko Legebiltzarrean izango dute hitzordua. Mobilizazio orokor hauen aurretik, ordea, atzo, beste astelehen batez, kalera irten ziren pentsiodunak eta Bizkaikoek jada 100 aste bete dituzte, 2017ko urtarrilean protestak hasi zituztenetik.

Hiru gai nagusi izan zituen Bilboko udaletxe parean eginiko elkarretaratzeak. Batetik, EAJk eta Elkarrekin Podemosek adostu dituzten Lakuako aurrekontuen puntu batzuekin desados agertu ziren. Diru-sarrerak bermatzeko errentan %4ko igoera jaso dute 2020rako eta hori «huskeria» dela nabarmendu zuen Jon Fano bozeramaileak. «Gainera, ikusteko dago nola aplikatzen duten pentsioen osagarrietan», ohartarazi zuen.

Hori horrela, ostegun honetan Gasteizko Legebiltzarraren aurrean egingo duten mobilizazioak are garrantzi gehiago hartu duela uste dute. Ahalik eta jende gehien bertaratzea eskatu du Fanok: «Batez ere, Madrilen erabakien zain egon gabe, Lakuak pentsio guztiak gutxienez 1.080 euroraino osatu ditzala aldarrikatzeko».

Era berean, menpekotasunaren arreta zerbitzua «unibertsala eta doakoa» izatea ere aldarrikatuko dute Gasteiz zein Iruñeko legebiltzarretan. Ganbera horietan pentsioak hobetzeko testua onartzea nahi dute, ondoren Madrileko Gorteetara bidaltzeko. Beraien aldarrikapenak lege izaera hartzea da ekimen hauen helburu nagusia eta horregatik bi hitzordu hauek «historikoak» izatea nahi dute.

Leku ezberdinetatik Gasteizerako autobusak antolatu dituzte. Bilbon, esaterako, jada eman dute izena 15 autobus betetzeko adina pertsonak. Tolosa eta Elgoibartik ere, besteak beste, antolatu dute autobus zerbitzua.

Greba orokorra

Bestalde, urtarrilaren 30ean Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitu duen greba orokorraren harira, pentsiodunen mugimenduaren «batasuna» funtsezkoa dela azpimarratu zuten. Kontuan hartu behar da plataforma batzuetako erretiratuek zein UGT eta CCOO sindikatuek ez dutela babesten greba jardunaldi hori.

Greba babesten ez dutenak inoren ordezkari ez direla adierazi zuen Bizkaiko mugimenduko Victor Etuyak. «Izan gaitezen kontsekuente, koherente eta bateratu», eskatu zuen Fanok.

Egunotan Estatu frantsesean pentsioak babesteko eta horien erreformaren aurka egiten ari diren grebak direla-eta, urtarrilaren 30eko geldialdi orokorrera batzeko deia luzatu zieten Europako pentsiodun guztiei.