Maddi TXINTXURRETA
DONOSTIA
Entrevista
HARITZ AZURMENDI
IKERLARIA

«Estaturik ez duten nazioek indar gehiago jartzen dute kulturan»

Jakinek, EHUk eta Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatu duten «Joxe Azurmendi. Euskal pentsamenduaren ur-jauzia» kongresuaren antolatzaileetako bat da, eta tesia filosofo zegamarraren inguruan landu zuen.

Gaur da hastekoa Donostian Joxe Azurmendi pentsalariari buruz egingo den hiru eguneko kongresua. Haritz Azurmendi buru-belarri ibili da berau antolatzen, eta espero du biltzarra «salto bat» izango dela, «zerbait handi eta sendoago baten abiapuntua».

Nola sortu zen kongresua antolatzeko ideia?

Unibertsitateko batzuk bageneukan pertzepzio bat; Joxeren lanak asko eman zezakeela gaur egungo eztabaidak kokatzen eta argitzen, baina bere obra ez zela behar beste ezagutzen.

Helburua, beraz, Azurmendiren obra ezagutzera ematea.

Bai, zabaldu eta jendeari erakustea, filosofia eta euskal pentsamenduaren bueltako eztabaidak jorratu nahi baditu, Joxeren lana iturri oso emankorra dela.

Unibertsitateko ekitaldi bat da, baina harago joateko borondatea izan duzue, ezta?

Joxeren lanak ezagutzeko saiakera eskatzen genuen, baina iritsi nahi genuen publiko batengana unibertsitatean ez duena zertan egon. Horregatik kokatu dugu San Telmon, hiriaren erdian, interesa eduki dezakeenak edo Azurmendi ezagutu nahi duenak ezagutu dezan.

Berrogeita hamar hizlaritik gora elkartuko dira pertsona bakar bat edo bere pentsamenduaren bueltakoak aztertzeko.

Pentsamendu desberdina daukan jendea baina erreferentzialtasun bat aitortzen diona biltzen du Azurmendik. Ikusi dugu, askotan, ados egon gabe ere, badagoela jendea Azurmendiren lanetara gerturatu izan dena eta hortik ikasi duena.

Zein da zure Azurmendiren liburu kutuna?

Zaila da. 18 urterekin hona [EHUko Donostiako campusera] ikastera etorri eta “Espainolak eta euskaldunak”-ekin (Elkar, 1992) topo egin nuen; badakit ez dela Joxeren liburu gustukoena, baina niri eragin zidan. Gaur egunean, tesia egin eta gero, “Volkgeist. Herri gogoa” (2008, Elkar) liburua aukeratuko nuke. Nahiz eta oso gai konkretua lantzen duen, asko ikasi dut hortik. Hirurehun orritan sekulako mapa eskaintzen du, bai volkgeist (abertzaletasuna, herri gogoa, alemanez) ideiari buruz, baina baita Europako pentsamenduari buruz ere.

Euskal Herrian errotutako pentsamendua defendatzen du Azurmendik, «geure-geurea», baina kanpoko ideiengandik ikasiz, isolatu gabe.

Nik uste Joxek egiten duena dela bere pentsamendua Euskal Herriko auzi konkretuetan errotu, eta, auzi horiei erantzuteko, Euskal Herriko aurreko eta garaiko pentsalariengana jo elkarrizketen bidez. Baina atzerriko beste esperientzia batzuetatik ere ikasten zuen. Diferentzia da, akademiara jotzen duenean, ez zaiola interesatzen teoria orokor bat kasuak esplikatzeko, eta konprometituta jarraitzen duela gure kasua ulertzeko elkarrizketa-kide desberdinak bilatzearekin, baita nazioartean ere.

Zeintzuk dira, zure ustez, Azurmendik euskal pentsamenduari egin dizkion ekarpen nagusiak?

Euskal Herriko historia garaikideari eman dio marko bat nondik tratatu daitezkeen gure arazoak, krisiak eta erronkak. Gainera, erantzunak elkarrizketetan osatu ditu, batez ere Europako tradizioko pentsalariekin.

Zuk zeuk tesia bere nazioaren eta nazionalismoaren ikuspuntuari buruz egin duzu. Nola ikusten du nazioa Azurmendik?

Masterra ikasi nuenean [Euskal nazionalismoa XXI. mendean], nabaritzen nuen aurkezten zitzaizkigun eztabaida teorikoak, akademian ematen zirenak, Joxek erantzuten edo tratatzen zituela. Oso interesgarria egin zitzaidan hori planteatzea: eztabaida hauek ematen dira akademian, horietako zeintzuk dira interesgarriak Euskal Herrirako eta Azurmendik nola tratatzen ditu. Hor ikusi nuen Azurmendiren ustez nazioaren inguruko kezka hizkuntza edo kultur komunitateak ardazten duela, berak Euskal Herria deitzen dion horrek.

Kultur komunitate horrek, gainera, etengabe berritzeko ahalmena du, Azurmendiren esanetan.

Argi dago Estatu bat duten komunitate kulturalek edo nazioek oso erraz izan dutela eta dutela beraien kabuz birsortzea, horretarako tresna gehienak badituztelako. Horrek ez du esan nahi ez dutenek ezin dutenik beren burua berrasmatu. Normalean, gainera, Estaturik ez duten horiek askoz indar gehiago jartzen dute kulturan, ez daukatelako bermatuta eta ezin dutelako estatu-tresnetara iritsi.

Duela gutxi Txillardegiren aldeko ekitaldia egin zen, orain Azurmendiri buruzko kongresua. Zerbait aldatzen ari da?

Eman da halako salto bat, 56ko belaunaldira begiratzekoa. Izango du lotura ikerketa eta kulturgintzara ere beste belaunaldi bat iristen aritzearekin. Guretzat pentsamendu mailako erreferentzia dira, eta horrek ematen dizu nolabaiteko distantzia bat gaur egun Euskal Herrian dauden eztabaidetara horien laguntzaz hurbiltzeko.

Beste era batera esanda, orain denek onartzen dute Azurmendiren lana itzela dela. Bere aldeko jokabide instituzionala berria da, ordea.

Nik uste dut diagnostiko bat egin dela esaten duena erreferentziak behar ditugula. Erreferentzia horiek, Txillardegiren edo Azurmendiren belaunaldian topatu daitezke. Azken 50 urteotako zikloan beraiek eman diotelako ikuspegi sendo bat Euskal Herriari. Orain askotan esaten da ziklo bat amaitu dela Euskal Herrian, eta badago erreferentzia berrien bilaketa bat. Atzera begiratze hori, tradizioa berrinterpretatzea, ohikoa da halako krisi garaietan. Nik uste ikuspegi hori konpartitzen dela instituzioetan eta kalean, nahiz eta interpretazioak desberdinak izango diren.

Joxe Azurmendi Katedra ere sortu duzue, 56ko belaunaldiari begira jarrita. Zein da bere lana?

Gizabereari buruzko kezka sortu zen 56ko belaunaldiaren baitan, bazegoelako erlijioaren krisia; baita politikan ere, kezka zegoen ikusten zutelako Estatu liberalago batera gindoazela, zentzu mendebaldarrean. Kulturan ere mugimendu handiko urteak ziren. Eta nik uste orduan markatu ziren gako horiek beste testuinguru batean ere errepikatzen direla. Badago, adibidez, mundu global batean euskal kultura nola kokatuko den kezka. Erronka horrek eskatzen du jende hau ezagutzea, jende honen ekarpenetatik irakaspenak ateratzea eta gaurkotzea. Katedrak, orduan, bi xede horiek ditu: batetik, 56ko belaunaldia ezagutu, bere kezka horiek kokatuz, eta, bestetik, horiek gaurkotzea. Helburua ez da Joxe Azurmendi jainkotzea, baizik baliabideak jartzea, ez dakit Joxe Azurmendi berri bat sortzeko, baina bai ikertzaileak eta pentsalariak auzi horiei begira jartzeko.

Zenbat lagun espero dituzue Kongresuan?

Atzo [astelehenean] 180tik gora izen-emate genituen, gaur igual gehiago izango dira. Alde horretatik zoratzen gaude, bi zentzutan, ustekabean harrapatu gaituelako eta asko pozten gaituelako. Sorpresa eta poza izan da.

Sorpresa, filosofiaren bueltan horrenbeste jende elkartuko delako?

Ez da ohikoa anbizio honekin saio bat antolatzea filosofian, eta, ziurrenik, euskarazko pentsamenduari lotuta egongo ez balitz, zailagoa izango litzateke. Horrek erakusten du badagoela gose bat gai hauek jorratzeko, eta kongresuaren bueltan bildu den komunitate honek Joxeri kasu egin nahi diola eta ur-jauziaren sistema biderkatu nahi duela.